Efemeridea 2022ko abenduaren 21a

Euskal kulturaren patriarka

Gaurkoa lako egun batean, 1991ko abenduaren 21ean, Jose Migel Barandiaran Aierbe hil zen. 1889ko abenduaren 31n jaio zen, Ataunen (Gipuzkoa), antropologo, arkeologo, etnologo eta apaiz euskalduna. Euskal etnografiari eta folkloreari buruz egindako ikerketengatik jaso zuen aintzatespenik handiena.

Barandiaran Etniker taldearekin Barandiaran Etniker taldearekin

 

Jose Migel Barandiaran Ataungo Perune-Zarre baserrian jaio zen, Francisco Antonio Barandiaranek eta Antonia Aierbek izan zituzten bederatzi seme-alabetatik gazteena izan zela. Antoniak kristau-fede sendoa zuen, eta semeari eman zion irakasbidez. Heziketa horren ondorioz, hamalau urte zituela hasi zituen apaiz-ikasketak Barandiaranek Baliarraingo apaizgaitegian eta, geroago, Gasteizko apaizgaitegian. Aldi berean Teologia eta Irakasletza ikasi zituen.

1914ko abenduan, apaiz ordenatu zuten Burgosko hirian. Teologiako lizentziatura hiri horretako Unibertsitate eklesiastikoan atera zuen urtebete geroago eta, 1916tik aurrera, interes handia piztu zion Historiaurreak; hori dela eta, euskal etnografia eta arkeologiari lotutako hainbat ikerketatan hasi zen.

1921ean, Eusko Folklore Elkartea, elkarte horren urtekaria eta Eusko-Folklore argitalpenen saila sortu zituen. Argitalpen horietan, mitoak eta elezaharrak biltzen dira. Urtebete geroago, Bartzelonako Unibertsitatean Antropologiako katedraduna zen Telesforo Aranzadi irakaslearekin batera, bidaia egin zuen Europatik barrena, hainbat museo eta erakunde bisitatzeko helburuz.

1917-1936 urteen artean, Barandiaranek, Aranzadik eta Enrique Eguren arkeologoak indusketa arkeologikoak egin zituzten euskal lurraldean. Aita Barandiaranen aurkikuntzarik nabarmenenak honako hauek dira: Aralar mendilerroko trikuharriak (1917); Aizkorri mendilerrokoak (1918); Ateun-Burundakoak (1919); Altzaniakoak (1920); Entzia mendilerrokoak eta Elosua-Plazentziakoak (1921); Belabieta eta Urbasakoak eta Santimamiñeko kobazulo artifizialak (1924, 1925 eta 1931); Lumentxa (1925); Ermittiako haitzuloa eta Gipuzkoako beste haitzulo batzuk (1924 eta 1927); Bolinkoba (1933); eta Urtiaga-Itziar (1936) 1935ean, Antropologia eta Etnografiako Nazioarteko Biltzarraren Kontseilu Iraunkorreko kide izendatu zuten Londresen.

Gerra Zibila hasi zenean, Barandiaran Frantziako administrazioaren mendeko euskal lurraldeetan erbesteratu zen, eta handik jarraitu zuen ikertzaile lanetan. Alabaina, 1953ko urrian, Ataunera itzuli zen, eta arkeologiako lanetan jarraitu zuen, baina ezin izan zuen amaitu, berriro erbestera joan behar izan zuelako. 1956an, Aranzadi Zientzia Elkarteak babestutako Eusko Folklore berrargitalpenean parte hartu zuen 15-30 liburukiaz geroztik.

1965-1977 bitartean, Nafarroako Unibertsitatean sortutako Euskal Etnologiaren katedra zuzendu zuen. 1964ko otsailean, Nafarroako Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultateko Euskararen katedran hasi zen euskara irakasle. Etniker Plana sortu zuen, eta euskal lurralde osoan hainbat ikerketa-talde eta kolaboratzaile aritu ziren test etnografikoak biltzen, Baskoniako Atlas Etnografikoa sortzeko asmoz. Horiei esker, euskal iruditeriaren historia eta kondairak gorde ahal izan ziren; bestela, Barandiaranen ekimenik gabe, betiko galduko ziren.

1976ko irailean, Oñatin (Gipuzkoa) egindako batzar orokor batean, aho batez izendatu zuten Eusko Ikaskuntzako lehendakari. Hil zen egunera arte ez zion landa-ikerketak egiteari utzi, ezta zabalkundeko jardueretatik aldendu ere. 1991ko abenduaren 21ean hil zen, Ataunen, 101 urte zituela.

Gaurko urtemugari Ander Manterolaren erreportajea erantsi diogu (DEIA egunkarian argitaratuta, 2020-01-04an).