Efemeridea • 2024ko ekainaren 10a
Pedro Chalbaud Errazkin, euskal abertzaletasunaren hastapenetan
Sabino Aranaren ondotik, Bilbon aukeratutako lehen euskal diputatu abertzalea izan zen, 1903an. Hamabost urte geroago, senataria izan zen, Bizkaiko ordezkari.
Bilbon jaio zen, gaurkoa lako egun batean, 1865eko ekainaren 10ean. Ingeniaritza industriala ikasi zuen Bartzelonan, eta berehala hasi zen enpresa-munduan. Goi-kargu batzuk bete zituen, besteak beste, Union Española de Explosivos enpresako presidente eta Merkataritza Ganberako presidente. 1901ean, La Gaceta del Norte egunkariaren sortzaileetako bat ere izan zen.
1903an, EAJren hautagai-zerrendan zela, Bizkaiko probintziako diputatu izendatu zuten, eta hiru urte geroago Ekonomia Itunaren negoziazio-batzordeko kide izan zen.
1910ean, independente gisa aurkeztu zuen bere burua Gorteetarako hauteskundeetan, baina errepublikazaleek eta sozialistek eratutako koalizioko hautagaiak garaitu zuen Chalbaud. 1918 eta 1919 urteetan, senatari-kargua bete zuen, Bizkaiko ordezkari, EAJren hautagaitza baten barruan zegoela. Aldi horretan, Jose Horn Areilza eta Anacleto Ortuetarekin batera, Euskadiko Autonomia Estatutu baten proposamena negoziatu zuen Romanonesko kondearen aurrean.
20ko hamarkadan, EAJ zatitu zenean, Pedro Chalbaud CNVri atxiki zitzaion.
Gerra Zibila hasi zenean, 70 urtetik gorakoa zela, Hegoaldetik ihes egin zuen. 1936ko irailaren 29an, San Migel egunean, Mundakatik atera zen itsasontziz eta Donibane Lohizunera joan zen. Francoren tropak Bilbon sartu zirenean, ondasun guztiak konfiskatu zizkioten.
1942ko maiatzean itzuli zen Bilbora, eta 1943ko otsailaren 3an hil zen.