Efemeridea • 2023ko uztailaren 27a
Pedro de Basaldua (1906-1985), Agirre lehendakariaren idazkari pertsonala eta euskaldun eredugarria Argentinan
Euskal abertzaletasunarekiko konpromisoari helduta, hasiera-hasieratik aurre egin zion altxamendu militarrari eta ondoko sasoi frankistari.
Gaurkoa lako egun batean, 1961eko uztailaren 27an, Pedro Basaldua (Barakaldo, 1906-Buenos Aires, 1985) abertzale, idazle eta Eusko Jaurlaritzak Argentinan zeukan ordezkariak parte hartu zuen Txileko Santiagon diktadura frankista salatzeko egindako Demokrazia Kristauaren Munduko III. Konferentzian. Euskal abertzaletasunarekiko konpromisoari loturik, hasiera-hasieratik, aurre egin zion altxamendu militarrari Jaurlaritzaren esparrutik gogotik jardunez; hasteko, Jose Etxebarria Novoa Bizkaiko gobernadore zibilaren idazkari pertsonal gisa (EAJk hala eskatuta), eta, ondoren, Eusko Jaurlaritza eratu ondoren, Agirre lehendakariaren idazkari pertsonal eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa Argentinan.
Besteak beste, Pedro Basaldua Jagi-Jagiko erredaktorea, Euzkadi egunkariaren kontseilu politikoko kidea, Gudari aldizkariko zuzendaria, Esteban Urkiaga ‘Lauaxeta’ atxilotua izan ondoren, Eusko Langileen Alkartasunako kide eta sindikatuaren zabaltzailea, Eusko Ikaskuntzaren kide sortzailea eta Eusko Deyako zuzendaria 1951n.
2017ko urtarrilaren 19an, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta autogobernuko sailburuak eta Iñaki Anasagasti senatari ohiak honako liburu hau aurkeztu zuten Sabino Arana Fundazioaren egoitzan: ‘Euzkadi, la guerra antes del Estatuto. Pedro de Basaldua’. 1936ko uztailaren 7tik 1937ko urrira arte, Jose Antonio Agirrek Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza hartu zuen Gernikan eta, haren ondoan, Basalduari egokitu zitzaion aldi interesgarri hori jasotzen du lanak. Esteka honetan ikus daiteke Erkorekak eta Anasagastik emandako hitzaldiaren bideoa.