Efemeridea 2020ko abenduaren 9a

Pertsona zintzoa, osoa eta mukerra, baita egoera zailenetan ere.

Gaurkoa lako egun batean, 1979ko abenduaren 9an, euskal buruzagi abertzale nabarmena Jesus Solaun Gorostizaga hil zen Bilbon. Solaun euskal erresistentziako buruzagi aktiboenetakoa izan zen Francoren diktadura indarrean izan zen urteetan.

Pertsona zintzoa, osoa eta mukerra, baita egoera zailenetan ere.

Jesus Solaun Arrankudiagan (Bizkaia) jaio zen 1903an. Batxilergoa Tuteran egin zuen eta, geroago, Zuzenbide ikasketak hasi zituen Bartzelonan eta Valladoliden amaitu.


1920ko hamarkadaren hasieran EAJn alderdikidetu zen eta gogotik parte hartu zuen 1930eko Bergarako Batzarrean gauzatu zen alderdiaren bateratze-ekimenean. Handik hilabete gutxira, 1931ko apirilaren 14an, Euskal Errepublikaren aldarrikapenean esku hartu zuen Arrankudiagan, jaioterrian, eta errepublikaren aldi osoan, autonomia-estatutua lortzearen alde lan egin zuen.


1935ean, EAJ-PNV alderdiaren BBBko eta EBBko kide hautatu zuten, eta eginkizun horietan jardun zuen 1977ra arte. Euzkadiko gerra amaitu ondoren, 1937ko abuztuan, matxinatuek preso hartu zuten. Heriotza-zigorra ezarri zioten,  eta EAJ-PNV alderdiaren zuzendaritzaren erdiari bezala, hots, bizirik zirauten artean, espetxe frankistetan erresistentzia artezteko asmoz Euskadin geratzea erabaki zutenei. Alabaina, 1940an, Solaunek askatasuna berreskuratu zuen. 1941 eta 1943 urteen artean, EAJren buruzagi bakarra izan zen frankistek okupaturiko euskal lurraldean. Bilbon bizi izan zen eta geroago Donostiara joan zen, “Juan Subiñas” izen faltsua baliaturik.


Geroago, 1951n, Iparraldera ihes egin behar izan zuen, diktaduraren aurka antolatutako greba orokorraren osteko errepresio frankistatik ihesi. Erbestean, lanean jarraitu zuen euskal idealaren alde, harik eta, Franco jenerala hil ondoren, Hegoaldera itzuli zen arte.


1977an, EAJ alderdiaren Epaitegi Nazionalaren buru izendatu zuten, hau da, alderdiaren organo judizial gorenaren buru, eta kargu hori bete zuen hil arte, Bilbon, 1979ko abenduaren 9an.