Efemeridea • 2024ko maiatzaren 20a
Laguntza eskeko telegrama
Gaurkoa lako egun batean, 1902ko maiatzaren 20an, Estatu Batuek independentzia eman zioten Kubari. Egun batzuk geroago, Sabino Arana telegrama bat bidaltzen saiatu zen Theodore Roosevelt presidenteari, horren kariaz zorionak emanda.
- mendeko azken hamarkadan, lehen euskal mugimendu abertzalea garatzen hasi zenetik, espainiar agintarien jazarpena etengabea izan zen, alderdi guztietatik begiratuta.
Euskal abertzaletasunaren krisi politikoaren testuinguru honetan, buruzagirik agerikoenak, Sabino Aranak, atzerrira jo zuen laguntza eske nolabaiteko aitorpena jasotzeko eta mugimenduaren desagerpena saihesteko. Horrela, 1902ko maiatzaren 24an, Arana Theodore Roosevelt AEBetako presidenteari zorionak emateko telegrama bidaltzen saiatu zen, Estatu Batuek Kubari independentzia emateagatik. Hala ere, telegrama atzitu zuten eta hartzaileak ez zuen inoiz jaso.
Sabino Arana maiatzaren 30ean galdekatu zuten, eta telegrama berak idatzi zuela aitortu ostean, Larrinagako kartzelan sartu zuten, nahiz eta osasunez nahikoa makal zebilen eta Bizkaiko diputatua izan. 9.000 sinaduratik gora baino gehiago aurkeztu ziren Arana aska zezatela eskatzeko, baina agintariek ez zuten eskaera onartu eta haren kontrako epaiketa hasi zen azaroaren 7an.
Daniel Irujo eta Teodoro Agirre –Jose Antonio Agirre lehendakariaren aita− abokatuek defendatu zuten buruzagi abertzalea. Epaiketa jendetsu batean, Sabino Aranak gertatutakoa onartu zuen, eta azkenean herritarrek osaturiko epaimahai batek absolbitu zuen, epailearen eta fiskalaren nahien aurka. Urtebete geroago hil zen, azken hilabeteak kartzelan eta erbestean eman zituela.
Luis de Gezalak, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2010/05/22an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu gaurko albisteari.