Efemeridea • 2020ko uztailaren 9a
Pierre Lhande (1887-1957), euskararen bultzatzailea Iparralden eta Akitanian
Lhandek Ipar Euskal Herriko euskalkietako esakuneak bildu zituen “Dictionnaire Basque-Français et Français-Basque” izeneko lan handian. Lan hori oraindik ere balio handikoa da eta kontsultatzeko baliatu ohi dute euskararen ikertzaileek.
Pierre Lhande apaiz josulaguna eta idazlea 1877ko uztailaren 9an jaio zen Baionan. Lhanderen benetako abizena Basagaitz zen, baina Atharratzeko txistulari zuberotarra zuen aitonaren ezizena, Allande (Lhande deitura bilakaturik), erabiltzea nahiago izan zuen.
Zortzi urte zituela, Pierre umezurtz geratu zen, eta ama Zuberoara joan zen bizitzera. Bigarren Hezkuntza Maulen egin zuen eta, ondoren, Baionako apaizgaitegian sartu zen. Baionako Infanteriako Erregimentuan hasi zuen soldadutza, eta frantsesa irakatsi zien hizkuntza horretan ez zekiten euskal soldaduei. Ezgai deklaratu eta apaizgaitegira itzuli zen, baina idazteko zaletasuna teologiarakoa baino handiagoa zelakoan, apaizgaitegitik bidali zuten. 1900ean, josulagunen nobiziatuan hasi zen, eta Jesusen Lagundiaren eskutik, Belgikara joan zen. Herrialde hartan apaiztu zen 1910ean, eta 1911n Hondarribira bidali zuten. Han idatzi zuen bere lehen lanetako bat, “Mirentchu”. Frantziako Estatuan, eleberriak idazteko baimena jaso zuen lehen josulaguna izan zen.
Literatura-lan ugaria ekoitzi zituen, bai euskaraz, bai frantsesez. Bere lan mardula izan zela bide, euskalkietako hitz franko bildu zituen, eta horri esker, lan handia prestatzea izan zuen: “Dictionnaire Basque-Francais” (1926). Hiztegi hori ez da bi hizkuntzatako hiztegi soila, ezpada, Iparraldean erabiltzen den lexikoaren bilduma bikaina. Beste lan batzuk ere argitaratu zituen, besteak beste, “L'émigration basque. Histoire, économie, psychologie”; “Yolanda”; “Le Moulin d 'Hernani”; “Bilbilis”; eta “Etchaun”, besteak beste.
1918an, Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzar hartan parte hartu zuen, bai eta Euskaltzaindiaren sorrerakoan ere, eta 1919an, euskaltzain oso izendatu zuten.
1922an, Espainiako Estatutik bota zuten, Espainiako gobernuak Euskal Herriarekin izandako jarrera kritikatzeagatik. Euskarari eta euskal literaturari buruzko eskolak eman zituen Akitaniako Tolosako Unibertsitatean. Aldi berean, predikatzen jarraitu zuen, eta aurrendaria izan zen irrati bidez ebanjelioaren berri ematen (irrati-sermoiak deiturikoak), zehazki, Radio-Paris eta Radio Luxemburg irratietan. Parisko garaian (1924-1939), hiriko aldirietan barrena ibili zen, eta hainbat artikulu argitaratu zituen Études aldizkarian, kristauen bizitzak Parisko inguru behartsuenetan zituen zailtasunei buruz.
Urte horietan zehar, astia hartu zuen Hego Amerikako (1930), Madagaskarreko (1931) eta Ekialde Urruneko (1933) hainbat herrialde zeharkatzeko ere bai.
Gerran eta frankismoren sasoian, euskal erbesteratuen euskarri garrantzitsua izan zen, Iparraldeko euskaldunen eta iheslarien errefuxiatuen arteko loturarena egiteaz gain, erbesteko Eusko Jaurlaritzari ere lagundu baitzion.
Bizitzako azken urteak Atharratzeko ospitalean eman zituen. 1957an hil zen.