Efemeridea 2020ko maiatzaren 18a

“Piru” Gainza: hau da marka!

Beste jokalari bakar batek ere ez du lortu partida ofizial batean, 1947an, sartu zituen zortzi golen marka berdintzea. Halaber, inork ez du berak adina Kopa irabazi (7)

“Piru” Gainza: hau da marka!

1947ko maiatzaren 18an, Athletic Clubeko jokalari Agustin Gainza Bikandik, Piru Gainza goitizenez ezagunagoak, gaurdaino beste inork berdindu ez duen errekorra edo marka ezarri zuen. San Mamesen jokatutako Kopako joaneko partidako final-laurdenetan, Athleticek Vigoko Celta taldeari sartutako hamabi goletatik zortzi egin zituen Piruk; 1947tik aurrera, halako erregistrorik ez da berriro erdietsi Estatuko inongo futbol-txapelketa ofizialetan.

 

Egun horretan, gau gogoangarria bizi izan zuten zaleek Katedralean, klubak kopa gehien altxatu dituen txapelketan, hain zuzen. Mito bilakatutako jokalari batzuk izan ziren partida horretan, hala nola Lezama, Panizo, Zarra, Iriondo… eta Piru Gainza.

 

Piruk bat eta hutsekoa egin zuen, lau eta hutsekoa, sei eta hutsekoa, zazpi eta hutsekoa eta, gainera, azken lau golak sartu zituen. Gainerako laurak, horietako bat penaltiz lortutakoa, Iriondok, Zarrak eta Panizok sartu zituzten. Elastiko urdin argikoen gol bakarra, berriz, Pahíñok sartu zuen.

 

Piru Gainza Basaurin (Bizkaia) jaio zen, 1922. urtean. Gainzak Athletic taldean jardun izan zuen beti, hogei denboralditan, 1939 eta 1959 urteen artean. Egungo “One Club Man” (“One Club Woman”, emakumea izanez gero) delakoak saritzen duenaren adibide aparta eta Athletic Cluben balioen erakusgarri bikaina da.

 

Elastiko zurigorria jantzita, bi Liga (1942-1943 eta 1955-1956 denboraldietakoa) eta zazpi Kopa (1943, 1944, 1945, 1950, 1955, 1956, 1958) irabazi zituen. Azken txapelketa horretan ere marka dauka Gainzak, beste jokalari bakar batek ere ez baitu hainbeste kopa irabazi. Gainera, 33 aldiz jokatu zuen nazioartean Espainiako selekzioarekin, eta 10 gol sartu zituen.

 

1959ko maiatzaren 17an jokatu zuen azken partida Athletic Clubekin. Gainza futbol profesionaletik erretiratu ondoren, guztiz maite zuen kluba entrenatu zuen ondoz ondoko lau denboralditan, 1965-1966 denboralditik 1968-1969ra. Geroago, aholkulari eta ikuskari gisa segitu zuen lanean, talentu gazteak aztertzen.

 

1995eko urtarrilaren 6an, euskal futbolari eskainitako Piru Gainzaren bizitza itzali zen jaioterrian bertan, Basaurin.