Efemeridea • 2024ko irailaren 23a
Polixene Trabudua: andereño, jeltzale eta euskal idealen defendatzaile eredugarria
Sondikan jaio zen, gaurkoa lako egun batean, 1912ko irailaren 23an, eta XX. mendearen lehen erdiko hizlari jeltzale karismadunenetakoa izan zen.
Aita kontratista eta ama jostun zituela, 18 urterekin maistra gisa graduatu zen eta jaioterriko lehen ikastolan jardun zuen lanean. II. Errepublikan, Emakume Abertzale Batzako (EAB) hizlaririk txalotuenetako bat izan zen. Estatutuaren aldeko kanpainako mitinetan parte hartzeagatik atxilotu eta Larrinagako kartzelan espetxeratu zuten. Kartzelaldiak eta isunak gorabehera, Polixenek hizlari jarraitu zuen, garai hartan bizitza politikoan parte hartzen hasi ziren beste emakume batzuk eredutzat hartuz, kasurako Margarita Nelken edo Victoria Kent.
Bizitza osoa eskaini zion euskal aberriaren kausari, euskal kultura babesteari, euskara zaintzeari, eta, azken batean, euskaldunek bizirik irauteko eskubideari. Harreman handia izan zuen Esteban Urkiaga Lauaxeta olerkariarekin eta euskal abertzaletasunaren garai horretako beste buruzagi batzuekin, hala nola Jose Antonio Agirre, Anton Irala, Manu de la Sota, Adolfo Larrañaga, Lezo Urreztieta edo Elias Gallastegirekin. Azkenaren lagun handi batekin ezkondu zen, Jose Mandalunizekin, hain zuzen ere, Athleticen historiako aurrelari onen eta Euzko Mendigoxale Batzako militantearekin, 1933an.
Senar-emazteek bost seme-alaba izan zituzten. Gerra Zibilaren hasieran, Euzko Gudarostea eratuta, senarra bi batailoiren arteko loturarena egin zuen. Polixene, seme-alabekin batera, lagun batzuen baserrian babestu zen, Gernikatik gertu dagoen mendi batean, eta hiriaren bonbardaketaren lekukoak izan ziren.
1937ko ekainean, Parisera erbesteratu zen familiarekin batera, eta alemanen okupazioan, arrisku handia hartu zuen bere etxea juduak ezkutatzeko babesleku bihurtzeagatik. 50eko hamarkadan, Venezuelara joan zen, eta han, eskolak eman zituen Polixenek, eta erbesteko euskal prentsako eta tokiko komunikabideekin kolaboratu zuen, eguneroko bizitzari, euskarari eta bizipenei buruzko artikuluak idatzita.
Trabuduaren idazlan asko argitaratu zituen Sabino Arana Fundazioak 1990eko hamarkadan, bi liburutan bilduta: “Amamaren artikuluak” eta “Amamaren kronikak”.
Zeberion hil zen, 2003an.
Leyre Arrietak, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2010eko maiatzaren 15ean, argitaratu zuen Emakume Abertzale Batzari (EAB) buruzko erreportajea erantsi diogu artikuluari.