Efemeridea • 2020ko irailaren 23a
Polixene Trabudua Agirrezabal, EABko hizlaririk txalotuenetakoa eta euskal kulturaren nahiz euskararen defendatzaile porrokatua
1933an, Athletic-en historian izan den aurrelaririk onenetako batekin, Jose Mandalunizekin, ezkondu zen eta senar-emazteek bost seme-alaba izan zituzten.
Gaurko lako egun batean, 1912ko irailaren 23an, hain zuzen, Polixene Trabudua Agirrezabal, XX. mendearen lehen erdiko euskal hizlari abertzalerik karismadunenetako bat, jaio zen Sondikan. 18 urte zituela, maistra moduan graduatu zen eta Bizkaiko herri horretako lehen ikastolan aritu zen lanean. II. Errepublikan, Emakume Abertzale Batzako hizlaririk txalotuenetako bat izan zen, estatutuaren aldeko kanpainan egindako mitinetan. Hori dela kausa, atxilotu eta Larrinagako kartzelan espetxeratu zuten. Kartzelaldiak eta isunak gorabehera, Polixenek hizlari jarraitu zuen, garai hartako bizitza politikoan parte hartzen hasi ziren beste emakume batzuk eredutzat hartuta, hala nola Margarita Nelken edo Victoria Kent.
Euskal aberriaren auziari lotu zion bizitza, kulturaren eta euskararen defentsari, eta, azken batean, euskaldun izaten jarraitzeko eskubideari eskainita. Horregatik, harreman handia izan zuen Esteban Urkiaga “Lauaxetarekin” eta sasoi hartako euskal abertzaletasunaren inguruko beste buruzagi batzuekin, kasurako, Jose Antonio Agirre, Anton Irala, Manu de la Sota, Adolfo Larrañaga, Lezo Urreztieta edo Elias Gallastegirekin. Azken horren lagun min batekin, Athletic-en historiako aurrelari onenetakoa eta Euzko Mendigoixale Batzako militante izan zen Jose Mandalunizekin ezkondu zen 1933an.
Senar-emazteek bost seme-alaba izan zituen, baldintza nekezetan eduki ere. Izan ere, ezkondu eta urte gutxi batzuetara, Gerra Zibila hasi zen. Euzko Gudarostea eratuta zegoela, Polixeneren senarrak bi batailoiren arteko lotura-agente jardun zuen gudarostearentzat. Polixene eta seme-alabak lagun batzuen baserrian babestu zen, Gernikatik hurbileko mendi batean, eta handik, bizitzako gertakaririk lazgarrienetako baten lekuko izan ziren: Gernikako bonbardaketa.
1937ko ekainean, Parisa erbesteratu zen familiarekin batera, eta han egon zen alemanen okupazioak iraun zuen bitartean, arrisku handia hartuta, etxea judutarrak ezkutatzeko gordeleku bihurtu zuelako. 50eko hamarkadan, Venezuelara joan ziren, eta Amerikako herrialde horretan, Polixenek eskolak eman zituen ikasgune ofizialetan, pribatuetan eta Sabanetako kartzelan. Garai hartan, “Panorama” astekarian eta erbesteko euskal prentsan jardun zuen, eguneroko bizitzari, euskarari eta, azken batean, bere bizipenei buruzko artikuluak idatzita.
Sabino Arana Fundazioak Polixeneren idatzi ugari argitaratu zituen laurogeita hamarreko hamarkadan bi liburutan: “Artículos de Amama” eta “Crónicas de Amama”. Artikuluon irakurketak bizirik eusten dio Polixeneren borroka eta askatasun gogoari.
Zeberion hil zen, 2003. urtean.
Albistearekin batera, EABri buruzko erreportajea doa erantsirik. Leyre Arrieta, DEIA, 2010eko maiatzaren 15a.