Efemeridea • 2022ko abenduaren 22a
Asmoz eta jakitez
Gaurkoa lako egun batean, 1918ko abenduaren 22an, Eusko Ikaskuntza sortu zen era ofizialean.
Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarra Oñatin egin zen. Aurreneko aldia zen horrenbeste aditu eta intelektualek, ideologia eta sinesmen guztietakoek, euskal gizarteari eta kulturari buruzko esperientziak, teoriak eta ikerketak elkarri trukatzen zizkiotena. Orduan sortu zen Eusko Ikaskuntza, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako aldundien ekimenez, Biltzarrean aurkeztutako lanei jarraipena emateko asmoz.
Harrezkeroztik gaurdaino, Gerra Zibilaren eta diktaduraren etenaldi luzea kontuan hartu gabe, Eusko Ikaskuntzak euskal ikaskuntzari buruzko biltzarra antolatu ditu maiztasunez, estrategia bikoitzari helduta: alde batetik, ikerketa eta kultura sustatzea, eta, bestetik, gizartearen benetako beharrei erantzutea, erronkei aurrea hartuta, etorkizunean aurrera egin dezaten.
Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzarra (1918)
Orduko lau euskal diputazioetako buruek eta Gasteiz, Iruñea eta Baionako gotzainek osatutako batzorde batek Eusko Ikaskuntzaren lehen biltzarra deitu zuen Oñatiko Unibertsitatean, 1918ko irailaren 1etik 8ra. Zazpi arlo jorratu ziren: Antropologia; Hizkuntza; Historia; Artea; Irakaskuntza; Politika eta Gizarte Zientziak; eta Euskal Ikasketak. Alderdi akademikoarekin batera, antzerki-emanaldiak, erlijio-ospakizunak, kontzertuak, dantzak, jaialdiak eta abar egin ziren.
Lehen Biltzar horren emaitza nagusia Eusko Ikaskuntzaren sorrera izan ze, aipaturiko lau aldundien eskutik, eta handik gutxira, biltzarrean erabakitakoa betez, Euskaltzaindia sortu zen.
Joseba Agirreazkuenagak DEIA egunkariak (2018-03-10) argitaratutako erreportajea erantsi diogu albisteari.