Efemeridea 2024ko azaroaren 15a

Euzkadiko Gudontzidiaren lehen gudua: Mistral (geroago, Gipuzkoa) eta Euzkal-Erria (geroago, Bizkaya) frankisten armadako Velasco destruktorearen aurka

Gaurkoa lako egun batean gertatu zen, 1936ko azaroaren 15ean, Pasaiatik berrogei bat miliara.

Gipuzkoa ontziko tripulatzaileetako batzuk. Gipuzkoa ontziko tripulatzaileetako batzuk.

Gaurkoa lako egun batean, 1936ko azaroaren 15ean, Pasaiatik 40 bat miliatara, artilleriaz osaturiko arrantzontziak edo, bestela esanda, Euzkadiko Gudontzidiak, 1936-1937ko gerraren baitan frankisten armadako itsasontzien aurka egindako gudu heroikoetako bat gertatu zen.

Egun horretan, matxinoen Velasco destruktore matxinoak Euzkadiko Gudontzidiko Mistral (geroko Gipuzkoa) eta Euzkal-Erria (geroko Bizkaia) bouei eraso egin zien, Frantziara merkantzia-ontzi batzuk babesten zihoazela. Bouek aurre egin zioten destruktoreari, eta su-trukean, Velasco jo zuten eta alde egin behar izan zuen. Metrailak Mistral ere jo zuen, baina kalte txiki batzuk eta bi zauritu besterik ez zion eragin.

Euzkadiko Gudontzidiaren ontziek Eusko Jaurlaritzari men egiten zioten zuzenean, Jose Antonio Agirre lehendakariak bere gain hartuta zeukan Defentsa Sailaren aginduak jasotzen zituztela.

Pasaiako PYSBE enpresaren lau bakailao-ontzik osatu zuten Euzkadiko Gudontzidiaren ardatza: Gipuzkoa (Mistral ohia), Nabarra (Vendaval ohia), Bizkaia (Euzkal-Erria ohia) eta Araba (Hispania ohia. Lau bou horiei, aurrerago, tamaina txikiagoko beste batzuk gehitu zitzaizkien: Donostia, Goizeko-Izarra, Iparreko-Izarra, Gazteiz eta Iruña. Gazteiz eta Iruña ontzietan ez zen hasiera batean aurreikusitako  bihurketa egin, armamenturik ez zegoelako.

Hainbat borroka izan zituzten etsaien ontzien aurka. Lehenengoa, esan bezala, 1936ko azaroaren 15ean jazozen, frankisten Velasco destruktoreak Mistral eta Euzkal-Erria bouei eraso zienean.

1937ko urtarrilean, kanoikadaka ibili ziren elkarren aurka Nabarra boua eta Velasco destruktorea, azkena Abra minaz betetzen saiatu zela.

1937ko martxoaren 5ean, hiru euskal bouk Canarias gurutze-ontziari aurre egin zioten Matxitxakoko lurmuturreko guduan. Nabarra boua itsasoaren hondoan amaitu zen eta beste biek kalte larriak pairatu zituzten. Canarias, aldiz, onik irten zen gudu horretatik.

1937ko maiatzean, Ciscar, Gipuzkoa eta Bizkaya ontziek Bermeo bonbardatu zuten, Eusko Gudarosteak hiria berreskuratzen laguntzeko.

Argazkian, Gipuzkoa ontziko tripulatzaileetako batzuk.