Efemeridea • 2022ko irailaren 28a
Lehen Euskal Mundu Biltzarra (1956): etorkizunerako proposamen berriak Euskadirentzat
Agirre lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren kudeaketaren lehen 20 urteetako balantzea egin zuen.
Euskaldunen Lehen Mundu Biltzarra Parisen egin zen, 1956. urtean, irailaren 23tik 30era. Erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzak deitu zuen biltzarra, Euzkadiko autonomiaren 20. urteurrena ospatzeko. Batzarraren helburuak hiru izan ziren: Euskal Herriaren iragan hurbila, diktadura frankistaren egoera eta etorkizuneko aukerak aztertzea. Erabaki horretan, bidenabar, euskal estamentu gutzietako kezkak biltzeko iritzi-bilgunea sortzeko nahiak izan zuen eragina.
Agirre Lehendakaria, Euzkadiko Jaurlaritzako kideak eta euskal alderdi eta erakunde sindikal eta kultural guztietako ordezkariak izan ziren biltzarrean, batzuk euskal lurraldeetatik ezkutuan iritsita eta, beste batzuk, Amerikan eta Europan bizi zirenak, hara berariaz joanda.
Guztira, 400 bat biltzarkide izan ziren eta eztabaidak lau gai nagusitan oinarritu ziren: politika, ekonomia, kultura eta euskal herritarrak munduan.
Joseba Rezolak gidatutako atal politikoak Erresistentzia eta barne egituraketa izan zituen hizpide.
Diaz de Antuñanak arteztutako atal sozio-ekonomikoak osasunarekin, higienearekin, industriarekin, merkataritzarekin, etxebizitzarekin, nekazaritzarekin eta euskal langileen egoerarekin lotutako gaiak jorratu zituen, besteak beste.
Euskara kultura-atalaren eztabaidagai nagusia izan zen eta, bertan, hizkuntzaren irakaskuntza, literatura eta orduko egoera aztertu ziren.
Azkenik, Jose Mª Lasartek gidatutako mundu osoko euskaldunen inguruko atalean, hizlariek Amerikako diaspora jorratu zuten eta Caracasen (Venezuela) egoitza izango zuen Euskal Erakundeen Amerikar Konfederazioa sortzeko asmoa iragarri zen.
Agirre Lehendakariak jardun zuen amaiera-ekitaldian. Itxaropenez beteriko mintzaldia eman zuen eta euskal kausari erabat lotzeko eskatu zien bertaratutako guztiei.
Argazkia:
Euzkadiko Gobernuaren irudia Euskal Mundu Biltzarreko buru. Ezkerretik eskuinera: Manuel Campomanes, Jesus Maria Leizaola, Jose Antonio Agirre, Ambrosio Garbisu, Paulino Gómez Beltrán eta Gonzalo Nardiz, Palais d 'Orsay hotelean.