Efemeridea • 2024ko uztailaren 5a
Rafael Pikabea Legia, euskal herritarren eskubideen defendatzaile sutsua
1946ko uztailaren 5ean, Rafael Pikabea Legia, El Pueblo Vasco egunkariaren sortzaile, senatari eta Gorteetarako diputatua, hil zen Parisen.
Oiartzunen jaio zen, 1867ko abenduaren 2an. Merkataritza ikasketak egin zituen Frantzian eta Ingalaterran. 21 urte zituela, Bizkaiko Labe Garaien bulego nagusietako atalburua zen.
El noticiero bilbaíno egunkarian hasi zuen kazetaritza-lana. Geroago, Bilboko Federico Etxebarria industrialariarekin (aitaginarrebarekin) elkartuta, enpresa ugari sortu zituen.
El Día egunkariaren jabea eta zuzendaria zela, politikara jo zuen, baina katoliko independente gisa. Hala ere, gero eta gehiago hurbiltzen joan zen euskal abertzaletasunera eta Sabino Aranaren askatasunaren defendatzaile sutsuenetakoa izan zen Arana 1902an espetxeratu zutenean.
La voz de Guipuzcoa egunkaritik eraso egiten ziotela, 1903an, El Pueblo Vasco egunkaria sortu zuen bere burua defendatzeko. Azken kazetak iraultza handia ekarri zuen garai hartako kazetaritzan, haren forma, diseinu eta kudeatzeko eragatik, bai eta artikulugileen kalitateagatik. El Pueblo Vasco egunkariaren orrietan, besteak beste, Azorin, Maeztu, Baroja edo Grandmontagne idazle ospetsuek idatzi zuten. Bien bitartean, Pikabearen Alzibar ezizena zabaldu zen El Pueblo Vasco egunkariaren orrialdeetatik. Pikabeak egunkaria zuzendu zuen Donostia tropa frankisten eskuetan erori arte. Era berean, 1909 eta 1919 artean argitaratutako “Novedades” irudiz hornituriko aldizkariaren bultzatzailea izan zen.
Politikaren arloan, 1903an, Gorteetarako diputatu aukeratu zuten lehen aldiz. 1907an, senatari hautatu zuten, eta hiru urte geroago berriz hautatu zuten kargu horretarako. Gorteetarako hauteskundeetan, 1931n, diputatu independente hautatu zuten EAJren zerrendetan. 1933ko eta 1936ko hauteskundeetan berriro hautatu zuten.
Gerra Zibilaren hasieran, Parisera erbesteratu zen, eta Euzkadiko Gobernuaren ordezkaria izan zen. Felipe Urkola eta Eugene Goienetxeren laguntzarekin, Euzkadiko Gobernuaren propaganda-aparatua antolatu zuen eta Euzko Deya egunkaria argitaratzen parte hartu zuen.
Alemaniarrek Frantzia inbaditu ostean, Marseillara joan zen, eta han atxilotu zuten Ameriketara joateko ontziratu zenean. Eta aske utzi ondoren, Euskal Pirinioetako herri txiki batean, Atharratzen, aurkitu zuen babesa. Bigarren Mundu Gerran, aliatuen garaipena iritsi zenean, Donibane Lohizunera itzuli zen. Eta handik gutxira, Parisera itzuli zen. Erbestetik, Kultura Hedatzeko Euskal Institutuak argitaratutako “Gernika” kultura-aldizkariaren bultzatzaileetako bat izan zen.