Efemeridea • 2024ko azaroaren 5a
Ricardo Arrue, euskaldun askearen izaera aldarrikatu eta, Venezuelan, “ogia ez, aberria” irabazteko nahia adierazi zuen artista.
Abandon (Bilbo) jaio zen, gaurkoa lako egun batean, 1889ko azaroaren 5ean, eta margolari nahiz buztinlari ospetsua izan zen, Euskal Eskola Klasikoaren ordezkaria.
Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, eta metala esmalteztatzeko teknikan espezializatu zen. 1924an, Madrilen egin zen Dekorazio Arteen Lehiaketa Nazionalean, haren lanen edertasunagatik saritu zuten, adituen iritzira. Garai horretan, Alberto, Jose eta Ramiro anaiekin batera nabarmendu zen, haiek ere artistak zirela, eta hainbat erakusketa egin zituzten batera aurreko mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan. 1925ean, urrezko domina eskuratu zuen Parisen, “Dekorazio-arteen nazioarteko erakusketan”.
1937an, Gerra Zibila piztu zelarik, Donibane Lohizunera (Lapurdi) erbesteratu zen lehenik, eta Parisera geroago, nahiz eta, Bigarren Mundu Gerraren hasieran, Txilera joan behar izan zuen, geroago Santo Domingora eta, azkenik, Venezuelara.
Venezuelako egonaldian, erakusketa ugari egin zituen. 1940an, Liburutegi Nazionaleko Ex-Libris Lehiaketa irabazi zuen. Artista ez zen sariaren dirua jasotzera joan, eta orduan aldarrikatu zuen euskaldun librea zela eta, Venezuelan, ogia ez, aberria irabazi nahi zuela adierazi zuen.
1947an, Arte Aplikatuen Sari Ofiziala jaso zuen Venezuelako Artearen VIII. Erakusketa Ofizialean, lanen multzo onenagatik (10 esmalte zilarraren eta kobrearen gainean).
Arruek herrialde eta hiri askotan erakutsi zituen bere lanak, hala nola Caracasen (1941, 1943), Parisen (1944), Frantzian, Madrilen, Bilbon, Bartzelonan eta Buenos Airesen (Argentina).
Caracasen hil zen, 1978ko martxoaren 11n.