Efemeridea 2021ko irailaren 14a

Sabindiar Batza eta Sabino Arana Goiriren lan guztien bilduma

Gaurkoa lako egun batean, 1950eko irailaren 14an, Baionan, Euzko Alderdi Jeltzaleko 30 bat militantek Sabindiar Batza sortu zuten.

Sabindiar Batza eta Sabino Arana Goiriren lan guztien bilduma

EAJ-PNV alderdiko hainbat buruzagik, horietako batzuk herrialdearen barruan eta beste beste batzuk kanpoan zirela, zenbait bilera egin ostean, Sabindiar Batza eratu zuten Baionan. Elkarte horren helburu nagusia hauxe zen: “Sabino Aranak idatzitako lan guztiak (egunkari, aldizkari, liburu eta abarretan idatzitakoak) bildu eta argitaratzea. Sorrera-aktan honako izen hauek ageri dira: Abad Gorostiza, Primitivo; Atxondo, Domingo; Barrutia, Andrés; Bereziartua, Andres; Betelu, Imanol; Biguria, Fernando; Ziaurritz, Doroteo; Durañona, Iñaki; Durañona, Jose Antonio; Epaltza, Domingo (semea); Epaltza, Juan Manuel;  Ernandorena, Trinidad; Gortazar, Jabier; Herrán, Pedro; Irala, Antonio; Jauregi, Julio; Xemein, Ceferino; Loara, Ramón; Lekarotz, Jose Ramón; Leizaola, Jesús María; Maidagan, Matai; Otxandiano, Nicolás; Errezola, Jose; Robles Arangiz, Manuel; Ruiz de Ercilla, Gregorio; Ruiz del Castaño, Guillermo; Ulesi, Alejandro; Untzeta, Ignacio; Zabala, Emilio; eta Zarrabeitia, Luis.


Horien guztien artean, Jabier Gortazar hautatu zuten erakundearen lehen presidente, 1950etik 1959ra arte. Joseba Rezolak (1959-1965) eta Ildefonso Gurrutxagak (1965-1972) jardun zuten gero.


1958an, Soraluzeko jelkide Andoni Astigarragari eskatu zioten Sebastian Amorrorturen semeen “Artes Gráficas Amorrortu” lantegiarekin harremanetan jar zedin. Sebastian Amorrortu EAJ-PNV alderdiko lehen idazkari administratiboa izan zen, Sabino presidente zela, eta Aranaren liburu gehienen editorea. Handik gutxira iritsi ziren Buenos Airesera makinaz idatzitako jatorrizko lanak eta obra osoaren mikrofilm bat.


“Junta Promotora de Publicaciones Vascas, C.A.” antolatu zuten herrialdeko abertzaleek, batetik, eta Caracasen (Venezuela) bizi ziren beste batzuek, eman zuten behar zen ia kapital guztia.


1965eko apirilaren 17an, Aberri Egunaren bezperan eta EAJren sortzailearen jaiotzaren mendeurrenaren urtean, argitalpenak izan zituen 2.450 ale inprimatuetatik lehena atera zen. 500 ale bidali ziren Venezuelara, 1.700 inguru Baionara eta gainerakoak Ameriketako hainbat herrialdetara.


Argitalpen horrek 2.478 orrialde ditu, eta larruz azaleztatuta dago.

 

Argazkiak:

Sabindiar Batzaren talde bat 1965ean Sabino Aranaren jaiotzaren mendeurrena ospatzen.

Sabino Arana Goiri.