Efemeridea • 2020ko maiatzaren 20a
Sabino Arana eta Kubaren independentziaren kariaz idatzitako telegrama
Espainiako agintariek postetxean bertan atzeman zuten telegrama, Sabino Arana salatu eta atzera bidali zuten espetxera
Gaur, maiatzaren 20an, 118 urte bete dira Kubako Errepublika aldarrikatu zenetik. Hainbat mendetan, Espainiako kolonialismoaren menpeko uharteak independentzia jadetsi eta egun batzuetara, Sabino Arana Ameriketako Estatu Batuetako presidente Theodore Roosevelti telegrama igortzen ahalegindu zen, independentzia emateagatik zorionak emateko. Hala eta guztiz ere, Espainiako agintariek postetxean bertan atzeman zuten telegrama, Sabino Arana salatu eta atzera bidali zuten espetxera, kargu publiko hautetsia izan eta oso gaixorik egon arren. Azkenak garrantzi izugarria izan zuen lehen euskal abertzaletasunaren hedapenean.
Sabino Aranak idatzitako telegramak hauxe zioen:
“ESTATU BATUETAKO PRESIDENTE ROOSEVELT JAUNARI. EUZKO ALDERDI JELTZALEAREN IZENEAN, ZORIONAK ZU BURU ZAITUEN ERAKUNDE GORENAK KUBARI INDEPENDENTZIA EMAN ETA ESKLABUTZATIK ASKATZEAGATIK. ZUEN ESTATU AHALMENTSUEK ESKUZABALTASUNAREN ETA JUSTIZIA NAHIZ ASKATASUNAREN ADIBIDE BIKAINA EMAN DUTE, HISTORIA OSOAN EZEZAGUNA ETA BERDINGABEKOA EUROPAKO POTENTZIENTZAT, BEREIZIKI LATINDARRENTZAT. EUROPAK, ETA MENDE GEHIENETAN ASKATASUNAZ GOZATU ZUEN BERTAKO HERRI ZAHARRENA DEN EUSKAL NAZIOAK ERE, GORESPENAK JASO DITUEN ESTATU BATZUETAKO KONSTITUZIOA ERAENTZEKO LEGETZAT HARTUKO BALU, ASKEA IZANGO LITZATEKE”.
Arestian esan bezala, Espainiako agintariek atzeman eta Bizkaiko gobernadore zibilari bidali zioten, eta hark, era berean, Bilboko Lehen Auzialdiko Epaitegira. Egun batzuk geroago, Sabino Aranak Mauro Santiago Portero epailearen aurrean agertu behar izan zuen eta idazkiaren egilea zela aitortu. Epaileak “fidantzarik gabeko behin-behineko espetxeratzea” agindu zuen, “Espainiako nazioaren osotasunaren aurkako erasoen delitua” egotzita, eta egun horretan bertan espetxeratu zuten Larrinagako kartzelan, haren osasun-egoera kaskarra (hurrengo urtean hil zen) eta diputatu hautetsia zela kontuan hartu gabe.
Bi erreportaje erantsi dizkiogu albisteari, bata Luis de Gezalarena, auzi honen ingurukoa, eta bestea, Txema Monterorena, Sabino Aranak bere bizitzan izan zituen auzibideen ingurukoa.