Efemeridea 2022ko urtarrilaren 26a

Sabino Arana Goiriren jaiotzaren 157. Urteurrena

Sabino Arana Goiri Abandon jaio zen, Bilbon, 1865eko urtarrilaren 26an, hau da, duela 157 urte, eta Sukarrietan hil zen, 1903ko azaroaren 25ean. Santiago Arana Antsotegi eta Paskuala Goiri Atxa senar-emazteen seme-alabetan zortzigarrena eta azkena izan zen.

Sabino Arana Goiriren jaiotzaren 157. Urteurrena

Umea zela, Euskal Herriko azken Karlistaldian, familiak erbesteratu egin behar izan zuen Frantziako administrazioaren mendeko Iparraldera, lehenengo Hendaiara, gero Baionara eta, azkenik, Getariara.

 

1882ko Pizkunde-igandean, Luis anaiarekin hitz egin ondoren, euskal kontzientzia nazionalaz jabetu zen. Euskal hizkuntza, kultura eta historia aztertzen hasi zen.

 

1892ko azaroaren 30ean «Bizkaya por su independencia liburua» argitaratu zuen.

 

1893ko ekainaren 3an, foruzale talde batek Larrazabalgo txakolindegira gonbidatu zuen, Begoñan (gaur egungo Bilbo), Aranaren pentsamendu politikoa ezagutu nahian. “Larrazabalgo zina” izeneko hitzaldia eman zuen bertan, eta mintzaldi horretan bere oinarri politikoak aletu zituen Euskal Herriaren nortasunaren eta biziraupenaren alde, haren ustez, desagertzeko zorian zegoen eta.

 

1893ko ekainaren 8an Bizkaitarra egunkariaren lehen alea argitaratu zuen Bilbon. 1894ko uztailaren 14an, Euskeldun Batzokija ere inauguratu zen eta leku horretan lehen aldiz jaso zen, gerora, euskal bandera nazionala izan zen ikurrina.

 

1895eko uztailaren 31n, EAJren Bizkaiko Eskualde Kontseilua (Bizkai Buru Batzarra) eratu zen. Data hori hartzen da alderdiaren sorreratzat; Sabino Arana lehen presidentea izan zen eta Luis Arana anaia presidenteordea.

 

Hasieratik bertatik, iritzia plazaratze hutsagatik, euskal abertzaleek isunak, bahiketak egunkarien itxierak, auziperatzeak eta kartzelaldiak pairatu behar izan zituzten etengabe Espainiako agintarien aldetik (zibilen zein militarren aldetik).

 

1898an, Bizkaiko diputatu hautatu zuten. 1900eko otsailaren 2an, Sabino Arana Nikole Atxikallenderekin ezkondu zen Sukarrietan. Gazte hil zen, 38 urte zituela, baina bere ideologia idatzita utzi zuen 33 lan poetikotan, 14 liburu politiko eta literariotan eta 600dik gora artikulutan.

 

Sabino Arana Goiriri buruzko bi erreportaje erantsi dizkiogu testuari, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean argitaratutakoak:

Luis de Gezala: 2009-XI-28.
Joseba Agirreazkuenaga: 2016-II-27.