Efemeridea • 2020ko maiatzaren 22a
San Kristobal gotorlekuko ihesa, Europako kartzela-ihesaldirik handienetakoa
• Ia 800 presok -gehien-gehienak errepublikazaleak- ihes egin zuten 1938ko maiatzaren 22an frankisten kartzela anker eta gizabako hartatik.
Gerra Zibilaren garaian, Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua, Iruñeko iparraldean, matxinatutakoen kartzelarik beldurgarrienetako bat izan zen. 1938ko maiatzaren 22an, hogei bat presok ihesaldia antolatu zuten. Presoak bizi zireneko baldintzak oso ankerrak ziren, jateko txarra ematen zietela, pilatuta, gaixorik, indarrik gabe, hezetasunak eta hotzak jota…
Preso gehienak errepublikazaleak eta buruzagi politiko eta sindikalak ziren, batez ere, Nafarroakoak, Gaztelakoak eta Galiziakoak. Euskal abertzaleak ere bazeuden. 350 lagunentzako lekua zegoen gotorlekuan, baina, sasoi hartan, 3.000 lagun inguru zeuden espetxeratuta.
Afalorduan, ihesaldia antolaturiko presoek armak kendu zizkieten zaindariei, eta 800 inguruk kartzelatik ihes egitea erabaki eta mugaraino iristeko ahaleginak egin zituzten. Hala ere, hiruk besterik ez zuten lortu marra zeharkatzea. 585 berriro atxilotu zituzten, eta beste 207 “gizon-ehizan” erail zituzten.
Agintari militarrek prentsaren aurrean esan zuten iheslariak ez zirela preso politikoak, “preso arrunt gaizto eta zitalak (...), hiltzaile, lapur eta ebasle andana bat".
Ihesaldiaren 17 sustatzaileetatik hamalauri heriotza-zigorra ezarri zieten eta Iruñeko erdigunean fusilatu zituzten, 1938ko irailaren 8an, gerra-kontseilua egin ondoren.
Ezkaba menditik Iparraldera dagoen 50 kilometroko bidea egin zuten hiru iheslarietatik, batek Mexikon amaitu zuen, bertan ezkondu eta hiru alaba izan zituen; beste bat Espainiako estatura itzuli zen eta Errepublikako armadan engaiatu zen berriro; hirugarrenari buruz, aldiz, ez zen inoiz ezer gehiago jakin.
Urte batzuk geroago egindako elkarrizketa batean, Mexikora joandakoak onartu zuen “ez zeudela ihes egiteko behar bezala prestatuta, baina goseak eta kartzela hartako baldintza txarrek ihes egitera bultzatu” zituztela.
Espetxeko zuzendaria eta administratzailea epaitu zituzten janaria kontrabando edo gaulan saltzeagatik, espetxeratuei jaten eman beharrean, baina auzia artxibatu egin zuten.
2017. urtean, gertaerak izan zirenean artean umea zen lekuko baten argibideei eta Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako lanari esker, hobi komun bat aurkitu zuten Burutainen (Anueko harana), 1938ko ihesaldiaren osteko hildako zazpi presoren gorpuzkiak bertan zeudela. Oraindik ere gorpu asko daude berreskuratzeke. Horregatik, biziki garrantzitsua da ehorztoki hori aurkitzen lagundu zuen lekukoaren moduko beste batzuek orduko gertakarien inguruko testigantzak jakinaraztea, informazio jakingarria eman dezaten hobi berriak aurkitzeko xedez, eta, horrela, errepresio frankistaren biktimen senide eta hurbilekoen egia- eta medeantza-eskeko erreklamazioei erantzuteko.
Informazio gehiago hemen: