Efemeridea 2024ko apirilaren 15a

San Mixel Garikoitz: euskal santua

Gaurkoa lako egun batean, 1797ko apirilaren 15ean, Ibarren (Nafarroa Beherea) jaio zen Mixel Garikoitz, Betharramgo Jesusen Bihotzeko Apaizen Kongregazioa (Baionako Apaizak) sortu zuen euskal abadea.

San Mixel Garikoitz San Mixel Garikoitz

 

Jaioterrian egin zituen lehen ikasketak eta apaiz izan nahi zuela adierazi zuen txikitatik. Gurasoak, ordea, asmo hori burutik kentzen saiatu ziren, familiaren egoera ekonomiko txarra zela eta. 1809an, 12 urte zituela, Mixel Amendüzera bidali zuten, morroi lan egin zezan. 1811n, berri, jaunartzea egin zuen Garrüzen.

Geroago, hainbat lanetan aritu zen ikasketak ordaindu ahal izateko, eta 19 urte zituela, Landetako Aria herrian sakondu zuen erlijio-prestakuntzan, beka bati esker. 1819 eta 1821 urteen artean, Akizen bizi izan zen, eta Larresoron amaitu zituen Teologia ikasketak. 1823ko abenduaren 20an apaiztu zen.

1825ean, Betharramera (Frantzia) bidali zuten, eta hango apaiztegia zuzendu zuen. Handik 4 kilometrora, Igon herrian, Jesusen Bihotzaren Alabak ezagutu zituen eta Jesusen Bihotzarekiko debozioa piztu zitzaion. Orduan, 1838an, Jesusen Bihotzeko Apaiz Laguntzaileen Elkartea sortu zuen. Horien doktrina Jainkoarenganako benetako debozioa aitortzea da, Jesusen irudiaren bidez.

1875ean, Pio IX.ak, kongregazioa aitortu zuen aurrenekoz, eta 1878an, Leon XIII.ak baimena eman zuen lagunartea Belenen finka zedin . Ordurako lagunarteak sorturik zeuden Argentinan eta Uruguain, eta geroago, besteak beste, Erresuma Batura, Italiara, Ekialde Hurbilera eta Afrikara hedatu ziren, .

Bizitza erlijioari eta, zehazkiago, Jesusen Bihotzaren ordenari eskainita, Mixel Garikoitz Betharramen hil zen, 1863ko maiatzaren 14an. Pio XII.a aita santuak 1947ko uztailaren 6an santu egin zuen.

Artikuluari erantsita doa Beñat Oihenartek, 2013-05-25ean, DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, argitaratutako erreportajea.