Efemeridea • 2023ko maiatzaren 16a
Santos López de Letona Apoita, enpresaburu eta ongile.
Gaurkoa lako egun batean, 1925eko maiatzaren 16an, hain zuzen ere, hil zen enpresaburu bizkaitar esangurastua. Sustatutako lanengatik nabarmendu zen López de Letona, batez ere, Getxo eta Portugalete lotzeko zubiagatik (egungo Bizkaia zubia) eta jaioterrian, Zeanurin, egindako lanengatik.
Zeanurin jaio zen 1842an. Ehungintzan lan egin zuen Gasteizen eta geroago Ameriketara joan zen, hasteko Kubara eta gero Mexikora, eta Puebla de los Angeles izeneko herrian ehun-fabrika batzuk eta hiru merkataritza-etxe sortu zituen. Gainera, bi etxalde zituen jabetzan. Enpresa horiek guztiak Santiago Aretxaga suhiaren ardurapean utzita, Europara itzuli zen eta Bilbon bizi izan zen 188. urteaz geroztik. Lurrak erosten eta higiezinak sustatzen jardun zuen eta, jarduera horiei esker, nabarmen ugari zuen bere ondarea. Alberto Palaciok taxututako Bizkaia Zubia, munduko lehen zubi transbordadorea, eraikitzea bultzatu zuen lehenengo akzioduna izan zen.
Amerikan garatutako ehungintza negozioei jarraipena emanda, 1892an, Balmasedako “La Encartada” txapel-fabrikako bazkide sortzailea izan zen eta, 1897an, Galdakaoko “La Josefina” lantegiarena. Bankan ere jardun zuen, eta Banco de Comercio eta Banco de Bilbao erakundeetako kontseilaria izan zen. Mexikon, berriz, Banco Oriental de México, S.A. sortu zuen 1900an eta, 1911n, Banco Español Refaccionario zeritzon finantza-erakundea. Trenbidearen sektorean ere esku hartu zuen, eta La Robla herritik Balmasedaraino zetorren ‘ikatz-trenbidean’, burdin meatzaritzan eta energia elektrikoaren ekoizpen-sektorean ere parte hartu zuen, Kooperatiba Elektrikoaren kontseilari izan zela.
Garai hartako Bizkaiko eliteko kide askok bezala, ondasunen zati bat karitate- eta ongintza-lanetan erabili zuen, batez ere, jaioterrian, Zeanurin. López de Letona 1925eko maiatzaren 16an zendu zen Bilbon eta haren gorpuzkinak Zeanuriko hilerrian daude.