Efemeridea • 2024ko apirilaren 30a
Seaska: Iparraldeko ikastolen Federazioa
Gaurkoa lako egun batean, 1969ko apirilaren 30ean, Iparraldeko ikastola guztiak biltzen dituen Seaska elkartea eratu zen.
Iparraldeko lehen ikastola Arrangoitzen zabaldu zen, seme-alabei euskaraz ikasteko aukera emango zien hezkuntza-eredu baten bila zebiltzan guraso-talde baten eskutik. Horren atzetik, Baionako ikastola eta Donibane Lohizunekoa etorri ziren, eta hurrengo urtean, Donibane Garazin, Senperen eta Hendaian ireki ziren ikastolak. Lehen maistra, berriz, Libe Goñi lazkaotarra izan zen.
Hasiera batean, Seaska beregaina izan zen ikastolen finantziazioari aurre egiteko, baina elkartea haziz joan ahala, dirulaguntza behar izan egiturari eusteko. Hala, 1982an, 152.500 euroko laguntza jaso zuen Frantziako Errepublikako Kultura Ministeriotik. Hurrengo urtean, Seaskak hiru urteko hitzarmena sinatu zuen Hezkuntza Ministerioarekin eta Frantziako Batzorde pedagogikoarekin, eta 381.000 euroko ekarpena jasotzen hasi zen urtean.
Hala eta guztiz ere, federazioak ikastola berriak irekitzen jarraitu zuen eta ez zuen finantziazio nahikorik. Urte batzuk negoziatzen eman ondoren, garai hartako arazo ekonomikoak konpontzeko asmoz, 1989an, Seaskako irakasle batzuk Hezkuntza Ministerioaren menpe geratu ziren.
1994an, elkarteari lotutako ikastolei eskola pribatuaren izaera aitortu zieten, eta, beraz, tokiko erakundeen dirulaguntzak jasotzeko aukera izan zuten.
Gaur egun, Seaskak 2 eta 18 urte arteko 4.000 ikasle baino gehiago ditu, federazioak Iparraldean dituen 37 ikastetxeen artean banatuta. Gainera, hasierako helburuari tinko eusten dio: “euskal hezkuntza eta kultura haurren artean sustatzea”.