Efemeridea 2020ko apirilaren 30a

SEASKAren engaiamendua euskaraz ikasteko Iparraldean

Gaur egun, 2 eta 18 urte bitarteko 4.000 ikaslek baino gehiagok egiten dituzte ikasketak sareko 37 ikastetxeetan.

SEASKAren engaiamendua euskaraz ikasteko Iparraldean

Gaurkoa lako egun batean, orain dela 51 urte, hau da, 1969ko apirilaren 30ean, sortu zen Seaska, Iparraldeko ikastola guztiak biltzen dituen federazioa. Manex Pagolak, Ramuntxo Camblongek eta Argitxu Nobliak erregistratu zuten Baionako suprefeturan, irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa eta helburu argi batekin: “Euskal hezkuntza eta kultura haurren artean sustatzea”.

 

Ipar Euskal Herriko lehen ikastola urte horretako martxoan hasi zen, Arrangoitzen, hain zuzen ere. Handik lasterrera, Baionakoa eta Donibane Lohizunekoa bide beretik joan ziren eta, hurrengo urtean, Donibane Garazi, Senpere eta Hendaiakoak ireki ziren. Eta Hegoaldean gertatu zen bezala, lehen hazi erein eta gero, beste ikastola batzuk zabaldu ziren Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

 

Iparraldeko lehen irakaslea Lazkaoko Libe Goñi izan zen. Libe Goñik praktikak egin zituen Hegoaldeko ikastolen sortzaileetako bat eta amaren laguna zen Elbira Zipitriaren eskola-etxeetan. Goñik, halaber, bertatik bertara ezagutzen zituen ikastola berriak, 1969an, Donibane Lohizunera ihes egin baitzuen.

 

Libe Goñiren esanetan, “guraso haien helburua zen, ikastolaren bitartez, seme-alabek euren burua euskalduntzat izatea eta euskal kulturan buru-belarri murgiltzea; hau da, haurrek euskaraz pentsatu eta senti zezaten; izan ere, euskara, gure hizkuntza, euskal nortasunaren osagai behinenetakoa zen”.

 

Gaur egun, ikastolak bikain sustraiturik daude Ipar Euskal Herrian, guraso, irakasle eta langileek egindako lan izugarriari esker. Gaur egun, 2 eta 18 urte bitarteko 4.000tik gora neska-mutilek ikasten dute Seaskaren sareko 37 ikastetxeetan.