Efemeridea • 2023ko azaroaren 8a
Seber Altube Lertxundi, bere garaiko euskal kulturaren zutaberik sendoenetakoa
Gaurkoa lako egun batean, 1879ko azaroaren 8an, jaio zen Arrasaten.
Tabernari-sarrailari baten semea zela, soldaduska egin ostean Gernikara joan zen; bertan, musika-banda sortu eta urte askotan zuzendu zuen. Gregoria Gangoiti gernikarrarekin ezkondu zen eta Alkartasuna arma-lantegiko kudeatzailea izan zen.
Gazte-gaztetatik, Euzko Alderdi Jeltzaleko kide izan zen. 1920an, Domingo Agirre idazle ondarroarra hil zenean, euskaltzain izendatu zuten sortu berria zen Euskaltzaindian, haren lekua betetzeko. Data horretatik aurrera, eginkizun garrantzitsua izan zuen euskal kulturaren munduan.
1931ko apirileko udal hauteskundeetan, Gernikako alkate hautatu zuten. Urtebete geroago, Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Iraunkorrean hasi zen, eta 1936ra arte egon zen bertan. Era berean, Euskal Autonomia Estatutua idazteaz arduratu zen Alkateen batzordeko kide ere izan zen, euskarari lotutako alderdietan arreta berezia jarri zuela.
1936an, Gerra Zibila hasita zegoela eta Gernikako alkate zela, Elias Amezagak idatzi zuen bezala, “Gutxiengoaren Gorteetarako diputatuei agur esateko eta aginte-makila Jose Antonio Agirre Lehendakariari emateko zoria izan zuen”.
Urte horren amaieran, Argentinara erbesteratu zen eta handik Pauera etorri zen. Akitania Berriko hiri horretan, hizkuntzalaritzaren eta filosofiaren arloko lanik garrantzitsuenak garatu zituen. Altuberen lanik behinenak euskarari eskainitakoak izan ziren. Gaztelaniaz eta frantsesez ere idatzi zuen.
Gernikan hil zen, 1963ko abuztuaren 27an. Ikurrin batez estali zuten Seber Altuberen hilkutxa, eta Gernikako arbolatik gertu hartutako lur-eskukada bat ere sartu zuten barruan.