Efemeridea • 2020ko maiatzaren 21a
Secundino Esnaola Berrondo, euskal musika koralaren mugarria
Zumarragan jaio zen, gaurkoa lako egun batean, 1878ko maiatzaren 21ean. Donostiako Orfeoiaren zuzendaria izan zen 1902 eta 1929 urteen artean.
1878ko maiatzaren 21ean, Secundino Esnaola Berrondo abesbatza zuzendari eta musikagilea jaio zen Zumarragan (Gipuzkoa). Musika-hastapenak jaioterriko organo-jotzaile Juan Lino Leturiaren eskutik jaso zituen, eta maisuak herriko parrokiako koruko kide izateko eskatu zion, eta, geroago, Bergarakoa. Humanitateak ikasi zituen Salamancan eta, geroago, bokazio handirik gabe, Donostiara itzuli zen, musika heziketa osatzeko asmoz bizitza sekularrari lotuta. Bonifacio Etxeberria, San Bizente parrokiako organo-jotzaile eta Donostiako Koralaren zuzendaria, Esnaolaren aholkulari bilakatu zen. Etxeberria hil ondoren, Esnaolak prestakuntzari ekin zion bere kabuz.
1902an, Donostiako Orfeoiaren zuzendari-kargua hartu zuen (1902-1929) eta musika-talde horren zuzendari historikoetako bat bihurtu zen. Abesbatzaren buru izan zen 27 urteetan, funtsezko erreformak eta aldaketak garatu zituen, hala nola ahotsen kopurua handitzea, emakumeak eta haurrak gehitzea, edo obra sinfoniko-koraletan eta euskal musika herrikoian oinarritutako errepertorio berria eratzea. Arrakasta handia lortu zuen garaiko abesbatzen lehiaketetan, eta sona handia izan zuen nazioartean. Esnaolak zuzendaritza-lanak eta birak uztartu zituen 1906tik Donostiako Udal Musika Akademian Solfeo eta Kantu diziplinetan ematen zituen irakas-lanekin.
Orfeoiarentzako lanak eredugarriak izan ziren etorkizuneko maisuen konposizioetan, besteak beste, Norberto Almandoz, Aita Donostia, Jesus Guridi, Pablo Sorozabal eta beste hainbat euskal musikarirentzat.
Secundino Esnaola, besteak beste, "Dringilindron", "Matxintxo", "Deun Ageda", "Eusko Izkuntza", "Loa loa" edo “Amak ezkondu ninduen” lanen egilea izan zen. Beheko estekan entzun daitezke.