Efemeridea • 2024ko maiatzaren 21a
Secundino Esnaola: Donostiako Orfeoiaren zuzendari historikoa
Gaurkoa lako egun batean, 1878ko maiatzaren 21ean, hain zuzen, Zumarragan jaio zen Secundino Esnaola, Donostiako Orfeoiaren musikagile, irakasle eta zuzendaria izandakoa 1902 eta 1929 urteen artean.
Herriko elizaren koruan parte hartu zuen eta parrokiako organo-jotzaile Juan Lino Leturiak solfeoa irakatsi zion. Hamalau urterekin, Salamancara bidali zuten Humanitateak ikastera. Hala ere, ez zuen ikasketa horiek egiteko ahalegin gehiegirik erakutsi eta musikako zaletasuna lantzen jarraitu zuen.
Donostiara itzuli zenean, ikasten jarraitu zuen, eta Bonifazio Etxeberria, San Bizente parrokiako organo-jotzailea eta Donostiako Abesbatzako zuzendaria, izan zuen aholkulari. 1902an, Donostiako Orfeoiaren zuzendaritza hartu zuen eta abesbatzaren buru izan zen urteetan, berrikuntza garrantzitsuak egin zituen, hala nola, emakumezko ahotsak gehitzea edo berak egindako obrak interpretatzea. Nazioarteko hedapen handia ere lortu zuen.
Esnaolak zuzendaritza eta irakaskuntza uztartu zituen eta solfeo- nahiz kantu-eskolak eman zituen Donostiako Udal Musika Akademian 1906tik aurrera. Frantziako Gobernuak Palma Akademikoak eta Espainiakoak Alfontso XII.aren Gurutzea eman zizkioten. Gainera, jaioterriko seme kutuna da Esnaola.
1929ko urriaren 22an hil zen, 51 urte zituela.