Efemeridea • 2022ko apirilaren 20a
‘Seven Seas Spray’, Bilboko portuan, Francoren blokeoari izkin egin zion itsasontzi galestarra
1937ko apirilaren 20an, W.H. Roberts kapitainak egindako balentriari esker, Bizkaiko biztanleek 4.000 tonatik gora elikagai hartu zituzten.
1937ko apirilaren 21ean, nazioarteko prentsaren gehienak garrantzi handiko albiste bat ekarri zuen azaleko orrira, gerrak euskal lurraldean izan zuen egoera eta garapena kontuan hartuta. Izan ere, egun horren bezperan ‘Seven Seas Spray’ (Zazpi itsasotako aparra) zeritzon merkataritza-ontzi ingelesa, Mr. W.H. Roberts kapitainaren aginduetara, Bilboko porturaino sartu zen 4.000 tona elikagai baino gehiago zeramatzala, matxinatuen mehatxuei kasurik egin barik, dartsena minaz bete zutela esan baitzuten azkenek. Merkataritza-ontzi horretan, George L. Steer, The Times egunkariko berriemailea zihoan, hau da, egun batzuk geroago, frankisten alde zeuden hegazkin alemaniar eta italiarrek Gernikan egindako sarraskia salatu zuen kazetaria.
Roberts kapitainaren balentriak bidea urratu zuen hiru egun geroago Bilbora etorri ziren beste hiru merkataritza-ontzirentzat: haietako bi Swanseako portutik abiatu ziren (‘MacGregor’, Corn-cob Jones kapitainaren aginduetara eta ‘Stanbrook’, Prance kapitainaren aginduetara) eta hirugarrena Newcastle hiriko portutik (‘Hamsterley’, Still kapitainaren aginduetara). Hirurek ere itsasadarra zeharkatu zuten jendearen aldarriek adorea ematen zietela.