Efemeridea • 2023ko apirilaren 20a
“Seven Seas Spry”: garaipen-sarrera Bilbon.
Gaurkoa lako egun batean, 1937ko apirilaren 20an, Seven Seas Spry merkataritza-ontzi ingelesak Bilbon porturatu zen, matxinatuek mehatxatu arren.
Ontzia Cardiffetik zetorren eta W. H. Roberts kapitainaren aginduetara. Alacantetik atera zen, Bilboko portura 4.000 tona elikagai ekarri behar zituela. Artean, frankistek ozenki esan zuten porturako sarrera blokeatu zutela eta Abrako eremua minaz josita zegoela. Bidaia arriskutsua izan zitekeen arren, Roberts kapitainak aurrera egin zuen.
Bizkaiko Golkorako bidean, Seven Seas Spry ontzia Ingalaterrako gerraontzi batekin gurutzatu zen, eta bigarrenak Donibane Lohizunerako bidea hartzera behartu zuen. Eta handik atera zen, apirilaren 19an, Bizkaiko hiribururantz. Azkenik, Roberts kapitaina, Fifi Roberts alabarekin batera, Bilboko Abran sartu zen apirilaren 20an, goizeko bederatzietan, itsasadarraren bi ertzetan zegoen jende ugariak txaloka hartu zuela.
Hurrengo egunean, 1937ko apirilaren 21ean, nazioarteko prentsa gehienaren azalek garrantzi handiko albistearen berri eman zuten, euskal lurraldean une hartan zegoen gerraren egoera eta horren garapena kontuan hartuta. Gainera, aipatzekoa da George L. Steer, The Times egunkariko berriemailea, bazela merkantzia-ontzian zihoazen bidaiarietako bat, hots, handik egun batzuetara Gernikako bonbardaketaren sarraskiaren berri munduan zabaldu zuena.