Efemeridea • 2022ko urriaren 19a
Euskal ikurrak: ikurrina eta armarria
Gaurkoa lako egun batean, 1936ko urriaren 19an, Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez, ikurrina eta Euskadiko armarria onartu ziren era ofizialean.
Ikurrek eta euren ikusizko adierazpenak berebiziko garrantzia dute, eta karga sinboliko izugarria dute gizatalde zehatz batentzat, ideal politiko, kultural eta sozial jakin batzuen adierazgarri direlako.
Gaurkoa lako egun batean, lehen aldiz erakundetu ziren euskal ikurrak hauexek izan ziren: ikurrina, euskal bandera gisa, eta Euskadiko armarria.
Hain zuzen ere, 1936ko urriaren 19an, Eusko Jaurlaritza eratuta zegoela, bi ikur horiek aipatzen zituen dekretu bat sinatu zen.
Dekretu horren 1. eta 2. artikuluetan, bi ikurren eraketa aipatzen zen:
- artikulua. Euzkadiko Gobernuaren ikurra lau kuarteleko armarri bat izango da, haritz-hostozko koroa batez inguratuta eta, hurrenkeraren arabera, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako armek osatutakoa, zein bere koloreetan, haietatik erakunde monarkiko edo jauntxoen ezaugarriak eta euskaldunen arteko borroken ezaugarriak kenduta, eta jatorrizko askatasunaren ikurrak gehituta, honako irudi honetan ageri den moduan.
- artikulua. Euzkadiko banderak gurutze berde bizia eramango du atzealde gorri minaren gainean, eta gurutze zuri bat gainjarrita; gurutze horiek, hurrenez hurren, banderaren angeluetara eta alboetako erdiguneetara iritsiko dira. Irudi horien banden zabalera 0,20 m-koa izango da bost metro horizontalean eta bi metro eta laurogei zentimetro bertikalean dituen pabiloi baterako, eta neurriak era proportzionalean txikituko edo handituko dira, banderaren tamaina osoaren arabera.
Egun batzuk geroago, aldaketa bat egin zen Ikurrinaren gurutzeen neurrietan, eta, beraz, jatorrizko diseinuan baino zabalago bilakatu ziren. Antza denez, neurri hori hartu zen gerra garaian itsasontzietan hobeto bereizteko.
Luis de Guezalaren erreportajea doa erantsita, DEIAn argitaratutakoa, 2014-07-12ean.