Efemeridea 2020ko uztailaren 24a

Simon Bolivar eta Amerikaren askatasuna

Ideia eta ekintzen bidez Amerikako lurraldeentzako askatasun proiektua landu zuen gizonak erabakigarritasunez lagundu zuen egungo Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Panama, Peru eta Venezuelaren independentzia lortzen.

Simon Bolivar eta Amerikaren askatasuna

Simon Bolivar Palacios Askatzailea (Caracas, Venezuela, 1783-Santa Marta, Kolonbia, 1830) jaio zeneko urteurrena ospatzen da gaur. Bolivarrek euskal jatorria zeukan aurretiko bat Markina aldeko Ziortza-Bolibarkoa zen, eta Latinoamerikako hainbat herrialdetako emantzipazioaren eragile nabarmenetakoa izan zen, egungo Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Panama, Peru eta Venezuelaren independentzia lortzen modu erabakigarrian lagundu baitzuen.


Simon Bolivar Zaharra-ren ondorengoa zen. Bolivar hura euskal diasporaren aurrendarietako bat izan zen eta  XVI. mendearen amaieran iritsi zen Caracasera, hiria sortu eta 30 urte geroago, 1589 urtearen inguruan. Urteen poderioz, Bolivartarrek aberastasuna eta donariak  batu zituzten Espainiaren administrazioaren menpeko kolonian, eta Venezuelako lurraldeari hertsiki lotu zitzaizkion. Ez dago esan beharrik lurralde horrek lotura historiko estua izan duela Euskal Herriarekin, “Real Compañía Guipuzcoana de Caracas” erakundearen historiak islatzen duenez, eta, bestetik, denboran hurbilago, Venezuelako Errepublikaren jarrerak eta erbesteko euskal diasporari egindako harrera eskuzabalak erakusten duenez.


Simon Zaharra Caracasera iritsi eta bost belaunaldi geroago, hiri horretan bertan jaio zen bere ideia eta ekintzen bidez Amerikako lurraldeentzako askatasun proiektua landu zuen gizona.


Espainiako inperioaren aurkako pentsamoldea zuen eta Latinoamerika nahiz Karibea elkartu nahi zituen (Aberri Handia), independentziaren eta oreka politikoaren bidez. 18 urte zituela, Simon Bolivar Bilbon izan zen, eta berton, “euskara zaharra” entzun zuen. Historialari batzuen arabera, gertaera hark berebiziko garrantzia izan zuen Askatzailearen ondoko zeregin politiko eta legegilean. Izan ere, eskura zeukan botere zibil eta militar osoa baliatuz, Bolivarrek xedapen bat eman zuen Andeetako hizkuntza aborigenen sustapena eta irakaskuntza gomendatuta.


Askatzailearen borroka independentista sei herrialde eta sei milioi kilometro karratura hedatu zen, Marco Polo, Kristobal Kolon, Julio Zesar eta Napoleon Bonaparteek baino lurralde zabalagoa zeharkatu zuela.
Tuberkulosiak jota hil zen, 1830eko abenduaren 17an, Santa Martan (Kolonbia).

 

Bizkaian, 1983ko uztailaren 24an, bere jaiotzaren berrehungarren urteurrenean, Simon Bolivar Museoa inauguratu zen Ziortza-Bolibarren, bere arbasoen bizilekua izan zen ‘Errementarikua’ izeneko baserrian. Museo horrek bizkaitarren Erdi Aroko bizitzaren eta Askatzailearen ibilbide pertsonal eta politikoaren berri ematen duten bildumak ditu erakusgai.