Efemeridea • 2023ko otsailaren 2a
Nazioarteko Eusko Ikaskuntza
Gaurkoa lako egun batean, 1948ko otsailaren 2an, hain zuzen, Nazioarteko Eusko Ikaskuntza eratu zen Baionan, Jose Migel Barandiaran euskal etnologo ospetsua buru zuela.
Gerra zibilaren ondoren, Eusko Ikaskuntzaren jarduera loaldi luzean sartu zen, nahiz eta garai bateko bazkideetako batzuk, erbestean zirela, aurretik egindako lanari jarraipena ematen saiatu ziren. Ekimen horietako bat Nazioarteko Eusko Ikaskuntza abian jartzea izan zen, 1948an, Baionan. Elkarte sortu berriak irailaren 12tik 19ra bitartean antolatu zuen Eusko Ikaskuntzaren VII. Kongresua Biarritzen. Bertan, kulturaren, hizkuntzaren, ekonomiaren, industriaren eta zientzien egoera aztertu zen, eta mundu osoko adituak bertaratu ziren, 250 komunikazio baino gehiago aurkeztu zituztela.
Kongresua irailaren 12an hasi zen, Donibane Lohizuneko eliza nagusian egindako mezarekin, eta hurrengo egunetan egindako hamabost saio hartu zituen.
Hilaren 16an, Euskeraren Adiskideak elkarteak “Euskaltzaleen Biltzarra” antolatu zuen eta euskaldun ugari izan ziren bertan.
Hilaren 18an, “Les Basques dans le monde” (euskaldunak munduan) izeneko saioa egin zen, eta, bertan, euskaldunek Ameriketan egindako lana ezagutzera eman zen, bereziki Argentinan eta Txilen egindakoa. Gainera, egun horretan bertan, Biarritzeko udal kasinoko antzokian, “Oldarra” euskal taldearen emanaldia izan zen.