Efemeridea • 2022ko abenduaren 9a
Gaurkoa lako egun batean, 1979ko abenduaren 9an, Jesus Solaun Gorostizaga hil zen Bilbon
Francoren diktaduraren urteetan, abertzale nabarmen hori Euskal Erresistentziaren buruzagi ekinenetakoa izan zen
Jesus Solaun Arrankudiagan (Bizkaia) jaio zen, 1903an. Batxilergoa Tuteran egin zuen, eta, geroago, Zuzenbideko ikasketak hasi zituen Bartzelonan, eta Valladoliden amaitu.
1930eko hamarkadaren hasieran, EAJn alderdian kidetu zen, eta 1930ean, Bergarako batzarrean izan zen alderdi-bateratzean gogotik parte hartu zuen. Handik hilabete gutxira, 1931ko apirilaren 14an, Euskal Errepublika aldarrikatzen parte hartu zuen jaioterrian, hots, Arrankudiagako elizatean, eta Errepublikako aldi osoan, autonomia-estatutua erdiesteko helburuz lan egin zuen.
1935ean, EAJ alderdiaren BBBko eta EBBko kide izendatu zuten, eta 1977ra arte izan jardun zuen zeregin horietan. Gerra Euzkadin amaitu zenean, 1937ko abuztuan, matxinatuek preso hartu zuten. Heriotza-zigorra ezarri zioten, bizirik iraun artean, espetxe frankistetan antolaturiko erresistentzia zuzentzeko helburuz aberrian geratzea erabaki zuten EAJ-PNV alderdiaren zuzendaritzako kideen erdiari legez, baina, 1940an, Solaun aske geratu zen. 1941 eta 1943 urteen artean, EAJ alderdiaren buruzagi bakarra izan zen frankistek okupaturiko euskal lurralde osoan. Bilbon bizi izan zen eta, geroago, Donostiara joan zen, identitate faltsua erabiliz: ‘Juan Subiñas’.
Geroago, 1951n, Iparraldera ihes egin behar izan zuen, diktaduraren aurka antolatutako greba orokorraren ondotik, frankisten errepresioari ihes egiteko. Erbestean, euskal kausaren alde jarraitu zuen lanean, eta Hegoaldera itzuli zen Franco jenerala zendu ostean.
1977an, alderdiaren organo judizial gorena den Aberri Epaimahaiko presidente izendatu zuten eta kargu horretan jardun zuen hil arte, hau da, 1979ko abenduaren 9ra arte.