Efemeridea 2021ko martxoaren 10a

Tibetarren altxamendua

Gaurkoa lako egun batean, 1959ko martxoaren 10ean, Tibeteko herritarren altxamendua gertatu zen Lasha hirian, Tibeteko hiriburuan. Manifestazio baketsu moduan hasi zen altxamendua eta gero eta herritar gehiago batu zitzaizkion, harik eta Txinako indarrek zigortu zuten arte.

Tibetarren altxamendua

Gaurkoa lako egun batean, 1959ko martxoaren 10ean, Tibeteko herritarren altxamendua gertatu zen Lasha hirian, Tibeteko hiriburuan. Manifestazio baketsu moduan hasi zen altxamendua eta gero eta herritar gehiago batu zitzaizkion, harik eta Txinako indarrek zigortu zuten arte.

 

Istiluak 1950ean hasi ziren, Txina komunistak Tibet inbaditu zuenean. Zehatzago esanda, 1950eko urriaren 7an, Txinako armada komunistako 400.000 soldadu inguru indarrez sartu ziren Tibeten. Dena azkar bai azkar jazo zen, Tibeteko armada txinatarrena baino txikiagoa zelako eta ez zegoelako egoki hornituta. Gatazka 1951ko maiatzaren 23an amaitu zen, “17 gaien akordioa” delakoa izenpetuta.

 

Okupazioa gertatu eta urte batzuetara, 1956an, herritarrak atsekabez beterik zeuden eta lehen matxinadak izan ziren Tibeten independentzia nahiz Txinaren errepresioaren amaiera eskatzeko. Hiru urte geroago, 1959ko martxoaren 9an, herritarrak altxatu ziren Lasha hirian txinatarren aurka.

 

Istiluak hasi ziren Dalai Lama bahitu zezaketelako zurrumurrua zabaldu zelako. Egun batzuk lehenago, agintari tibetarrak antzezlan bat ikusten joateko gonbidapena jaso zuen, Txinako kuartel militar nagusian, Lasha hiriko inguruetan. Martxoaren 10eko data finkatu zen horretarako, baina hilaren 9an, txinatarrek Dalai Lamaren bizkartzainei deitu eta hurrengo egunean ez laguntzeko eskatu zieten, sekretupean egin beharreko ekitaldia zela eta. Horiek horrela, Dalai Lama bahitu zezaketelako beldurra zabaldu zen eta, martxoaren 10ean, milaka tibetarrek inguratu zuten Dalai Lama bizi zen jauregia, handik irten ez zedin.

 

Martxoaren 17an Dalai Lama erbestera joan zen familiarekin eta Indiako Dharamsala hirian babestu zen. Indiako orduko presidente Jawaharlal Nehruk hartu zuen Dalai Lama eta Tibeteko erbesteko gobernua ere hiri horretan ezarri zen.

 

1996an, Sabino Arana Fundazioak saria eman zion Tibeteko erbesteko gobernuari. Wang Chen eta Dawa Thondup etorri ziren Bilbora saria jasotzera, azkena Tibeteko erbesteko gobernuaren Europa eta AEBetarako ordezkaria.