Efemeridea • 2023ko otsailaren 17a
Tomás Yoldi Mina, Primo de Riveraren diktaduraren salatzaile nekaezina
Gaurkoa lako egun batean, 1968ko otsailaren 17an, Tomás Yoldi Mina historialari eta apaiz nafarra hil zen Buenos Airesen.
Iruñean jaio zen 1891n, eta jaioterrian ordenatu zen 1916an. Literaturari ekin zion gazte-gazterik, euskal abertzaletasunak eraginda eta, alderdi historiografikoari dagokionez, zehazki, Arturo Campionek eraginda, maisutzat hartu baitzuen. “Napartarra” astekariaren sorreran parte hartu zuen, eta “La Voz de Navarra” agertu zenean, sarritan kolaboratu zuen egunkarian, Primo de Riveraren diktadurari lotutako “agintarien jarrera okerrak” salatuz. Iruñeko apezpikuak isilik egotera eta gehiago ez idaztera behartu zuen, Erriberako parrokia batera bidalita; agindua hitzez hitz zorrotz betez, ez zuen lerro bat gehiago idatzi, baina lehenagotik idatzitakoa argitaratzen jarraitu zuen. Gobernu Zibilaren presioen eraginez, erbestera joan behar izan zen, Uruguaira. Han, Eusko Ikaskuntzaren Ameriketako Institutuaren Aldizkariaren ohiko kolaboratzailea izan zen. Paul Boissonnaderen “Nafarroako Konkista” (4 liburuki) obraren itzulpena nabarmendu behar dugu, 30 urtez lan egin zuela horretan.