Efemeridea • 2022ko abenduaren 20a
Txomin Letamendi “Turuta”, tronpeta-jotzailea, gudarien komandantea eta frankismoaren aurkako ekintzailea
Madrilen hil zen, 1950eko abenduaren 20an, frankismoaren errepresio-agenteek eragindako tortura fisiko eta mental handien ondorioz
Txomin Letamendi Murua Bilbon jaio zen, 1901ean, eta Bilbon bertan garatu zuen musika-ibilbidea hainbat bandatan eta Bilboko Orkestra Sinfonikoan, tronpeta jotzen zuela.
Gerra Zibilean, gudarien komandantea izan zen eta Bizkaiko hiriburua galdu zenean Parisera erbesteratu behar izan zuen; Frantzian, Euskal Informazio Zerbitzuari lagundu zion.
Parisen zegoela, Karmele Urresti ondarroarra ezagutu zuen. Karmele erizaina zen eta Eresoinka abesbatzako kidea, eta Venezuelara erbesteratu ziren elkarrekin. Caracasen, «Billo 's Caracas Boys» orkestran jo zuen, eta, horri esker, jende asko ezagutu zuen. Iritsi eta hiru urtera, Agirre Lehendakariak eskaera zehatza eginda, Euskadira itzuli ziren Euskal Informazio Zerbitzuan lanean jarraitzeko. 1947an atxilotu eta espetxeratu zuten, eta euskal kausaren alde horrenbeste eman zuena anaia Juanen etxean hil zen, Madrilen, 1950eko abenduaren 20an, frankisten errepresio-agenteek eragindako tortura fisiko eta mental larrien ondorioz.
Kirmen Uribek kontatu du Txomin Letamendi eta Karmele Urresti emaztearen istorioa, «Elkarrekin esnatzeko ordua» izeneko liburuan.