Efemeridea • 2021ko azaroaren 12a
Ulgor, munduko kooperatiba-talde handienaren hazia gerraostean
1956ko azaroaren 12an, era ofizialean inauguratu zen «Ulgor», eta data horretatik aurrera hasi zen arruntean Mondragon Kooperatiba Esperientzia deritzona.
ULGOR Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Javier Ortubai abizenen lehen letratik sortutako akronimoa da. Bost lider horiek Jose Maria Arizmendiarrieta abadea izan zuten aitabitxi. Berak irakatsi zien hezkuntza ezinbestekoa dela edozer gauza egiteko. Denboraren poderioz, Ulgor Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatiba bihurtu zen, hau da, egungo Mondragon Korporazioaren industria-hazia.
Aita Arizmendiarrietak zioenez, «kooperatibismoa egitea ez da kapitalismoaren aurka jotzea, sistema horrek alderdi onuragarri ugari baititu, eta, egiatan, antolatzeko eta jarduera ekonomikoa garatzeko esperientzia oso interesgarria izan da, haren eraginkortasuna zalantzan jarri ezin delarik. Halarik ere, kooperatibismoak gainditu egin behar du esperientzia hori, eta, horretarako, horren prozedurak eta baliabideak barruratu behar ditu, giza balioen edo balio pertsonalen eskakizun gorenen menpean jarrita eta haietara mugatuta.
Gaur egun, Mondragon Korporazioa gizarte-ekonomiari atxikitako bigarren enpresa-taldea da estatuan. 98 kooperatibak, 8 fundaziok, mutualitate batek, 10 estaldura-erakundek eta nazioarteko 7 ordezkaritzak osatzen dute, lau arlotan banatuta: finantzak, industria, banaketa eta ezagutza.
Korporazioa nazioartera zabaldu da eta bost kontinentetan dago. 2020ko ekitaldian 10.865 milioi euro fakturatu zituen, guztira 79.931 langile dituela.
Jon Artabek, 2018ko maiatzaren 19an, DEIA egunkariaren Historias Vascas sailean, Jose Mª Arizmendiarrietari eta Arrasateko esperientzia kooperatiboari buruz argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.
1. argazkia.- Ulgorren pabiloiak.
2. argazkia.- MCCren zentro korporatiboa.