Efemeridea • 2020ko ekainaren 10a
Umeen erbestealdia. 1937ko ekainaren 10a, gerra garaiko adingabeen bigarren ebakuazio handia
Ebakuazio handi horri jarraiki, Euzkadiko Gobernuak beste 60 espedizio inguru antolatu zituen 30 bat itsasontzitan.
Matxinatuek herri babesgabeetan abespeluan egindako bonbardaketak eta Bilbo erortzear zegoela aintzat hartuta, 1937ko ekainaren 10ean, Euzkadiko Gobernuak bigarren espedizio handia antolatu zuen umeak ebakuatu eta gerraren arriskuetatik babesteko. Santurtziko portutik, 5.000 haur inguru abiatu ziren Bordelera ‘Habana’ ontzian; horietatik, 1.700 neska-mutiko ‘Sontay’ ontzira aldatu eta Leningradoraino eraman zituzten. Gainerakoak, Frantzian eta Belgikan geratu ziren, familiek eta erakunde katoliko eta ezkertiarrek babestuta. Ebakuazio handi horri jarraiki, Euzkadiko Gobernuak beste 60 espedizio inguru antolatu zituen 30 bat itsasontzitan.
Biztanleria zibilaren ebakuazio handiak 1937ko maiatzaren hasieran hasi ziren. Aldegiteak hilabete horretan bertan areagotu ziren eta ez ziren eten Bilboko hiria matxinatuen esku geratu arte. Itsasontziz itsasontzi batzuetan Sotaren ‘Habana’ eta ‘Goizeko-Izarra’ ontzietan, eta, beste batzuetan, luxu apalagokoetan, irteerak etengabeak izan ziren lasaitasun desiratua Frantzian eta beste herrialde batzuetan lortu arte. G. L. Steer kazetariaren esanetan, itsasontzi britainiarrek hemengo ontziei ematen zien babesak ernegatu egiten zituen frankistak eta haien aldekoak, euskal herritarrei jarkitzen laguntzen zietela uste baitzuten.
Bilbo erortzeaz batera, erakunde frankistak eta Espainia nazionalaren zerbitzura zeuden komunikabideak erbesteratutako umeen aberriratze masiboa eskatzen hasi ziren, ume horiek guztiak gurasoen borondatearen kontra ebakuatu zituztela argudiaturik. Euzko Jaurlaritzak adingabeak bahitu zituela ere esan zuten. Propaganda-kanpaina horretan, Vatikanoak ere parte hartu zuen, gogoz parte hartu ere, Ordezkaritza Apostolikoaren Idazkaritzaren bidez. Ustez, erakunde hori umeak aberriratzen laguntzeko sortu zen, baina, egia esatera, Vatikanoaren enbaxada ‘estalgarria’ besterik ez zen Francoren aurrean.
Informazio gehiago hemen: