Efemeridea • 2024ko otsailaren 22a
Emakume aparta
Casilda Iturrizar Urkixo, Epaltzaren alarguna, dakargu gogora gaur, haren heriotzaren 124. urteurrenean
1818an jaio zen, Bilboko Seberetxe auzoan, eta XIX. mende amaierako Bizkaiko hiriburuko ongile eta mezenas handienetako bat izan zen. Tomas Jose Joaquin Epaltza Zurbaran (1798-1873) negozio-gizon eta Banco Bilbaoren sortzaileetako bat izan zuen senarra eta, alargundu ostean, Casilda andreak bere ondasunen zati handi bat erlijio-, gizarte-, kultura- eta hezkuntza-helburuetarako erabili zuen. Bilboko Koral Elkartearen sorreran parte hartu zuen, baita haren izena duten Tiboliko eskoletan ere, eta Basurtuko ospitalea nahiz Erruki etxea eraikitzeko diru-ekarle nagusietakoa izan zen. Agusti Querol eskultoreak egindako brontzezko monumentuak Casilda Iturrizar gogorarazten digu, andrearen izena daraman parkean, Pergolaren ondoan.
Eduardo J. Alonso Oleak DEIA egunkariaren Historias vascas sailean, 2019ko urtarrilaren 19an, argitaratutako erreportajea erantsi diogu artikuluari.