Efemeridea • 2023ko abenduaren 11a
UNICEF. Etorkizuneko zaindariak
Gaurko lako egun batean, 1946ko abenduaren 11n, Haurrentzako Nazio Batuen Funtsa edo UNICEF (United Nations International Children 's Emergency Fund) erakundea sortu zen. UNICEF Nazio Batuen Erakundearen (NBE) menpeko organismoa da, egoitza New Yorken duena, eta garapen bidean dauden herrialdeetan haurrei eta haien amei laguntza humanitarioa ematen die.
Erakunde hori 1946an sortu zen, Bigarren Mundu Gerraren ostean, Europako haurrei laguntzeko helburuz. 1953an, UNICEF erakunde iraunkor bihurtu zen NBEren antolaeraren barruan. Helburua haurrei eta haien familiei laguntzea zen, baita euren eskubideak zaintzea ere.
Gaur egun, 191 herrialde eta lurraldetan baino gehiagotan garatzen ditu proiektuak, hainbat programa eta batzorde nazional baliatuz. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa dugu erakundearen jardunaren oinarria, eta funtsezko bost ildo ditu ardatz: haurren biziraupena eta garapena, hezkuntza eta genero-berdintasuna, haurrak eta GIB/hiesa, haurren babesa eta politiken eta aliantzen sustapena.
Programak horiek guztiak gauzatzeko, beharrezkoa da estatuetako gobernuen arteko lankidetza ahalbidetzea, eta lortutako emaitzen araberako plangintza ere taxutu behar da. Horren haritik, haurren eta emakumeen egoerari buruzko datuak bildu eta aztertzen dira, eta mundu mailako datu-baseak ere berritzen dira.
Bestalde, UNICEF politika sozial eta ekonomikoek haurtzaroan eragiten dituzten ondorioak aztertzen saiatzen da.
UNICEFek esku hartzen du larrialdietan, bizitzak salbatzeko, sufrimendua baretzeko eta haurren eskubideak zaintzeko xedez. Hori lortzeko, hornidurak lortzen ditu hainbat kanpainen bidez, eta horiek guztiak larrialdi-egoeretan eta garatzen dituzten garapen-programetan banatzen dira. Era berean, elikagaiak, arropa eta arreta medikoa ematen dizkie mundu osoko haurrei, eta haien beharrak asetzen ahalegintzen da.