Efemeridea • 2020ko uztailaren 6a
Uztailaren 6koa, munduko txupinazorik ospetsuena
Aurten, COVID-19ren eraginez, ezin izango da usadiozko ekitaldi jendetsurik egin.
1941etik aurrera, uztailaren 6an, eguerdiko 12etan, munduko txupinazorik ospetsuena jaurti ohi da Iruñeko udaletxeko balkoitik. Txupinazoa jaurtitakoan, Sanferminak hasten dira. Aurten, berriz, COVID-19 deritzon izurritearen eraginez ezarritako murrizketak eta osasun-neurriak direla eta, usadiozko ekitaldi jendetsurik ez da egingo. Lehen etenaldia izango da azken 81 urteotan –nahiz eta hasieran txupinazoa udaletxetik jaurtitzen ez zen−, baina 1936 eta 1939 urteetan ere ez zen txupinazorik jaurti Gerraz Zibilaren kausaz.
San Fermini eskainitako omenezko jaien jatorria XII. mendean aurkituko dugu, Erdi Aroko Iruñean. Elizako agintariek eskatzen zuten neurritasun erlijiosoaren eta jendearen jai-gogoaren arte tirabirek hainbat mendetan iraun ondoren, XX. mendera iritsi ginen. Ordura arte, jaiak uztailaren 6ko arratsaldean hasten ziren, Bezperetako martxa kantatzeaz batera. 1901etik aurrera, ordea, tradiziozko kanpai-hotsek bat egiten zuen Gaztelu plazatik jaurtiriko txapligu edo suziriekin, eta horrek ematen zion hasiera festei.
1931n Juan Etxepare Aramendiak, tabako-denda bateko saltzaile eta agintari errepublikazaleak, txupinaren metxa pizten uzteko eskatu zuen, eta berak piztu zuen 1936. Urtera arte. Izquierda Republicana (IR) alderdi errepublikazaleko buruzagi esanguratsua zenez gero, 1936an erail zuten, gerraren hasieran.
1939an, gerrak eragindako etenaldiaren ostean, Joaquín Ilundainek jaurti zuen lehen txupinazoa. Ilundain Iruñeko alkateorde izendatu zuten hilabete batzuk geroago eta 1940an ere bota zuen txupinazoa.
Urte horretan, Ilundainek berak eta José Mª Pérez Salazar kazetariak, bi-biak Arriba España kazeta falangistako kolaboratzaileek, ekitaldiari handitasun handiagoa ematea proposatu zioten alkateari eta, horretarako, txupinazoak udaletxetik jaurti zitezela iradoki hurrengo urtetik aurrera.
1941az geroztik, txupinazoa jaurtitzeko ohorea alkate eta zinegotziek izan dute, edo alkatetzak izendatutako pertsona garrantzitsuren batek. Hala ere, 2016tik aurrera, txupinaren jaurtitzailea aukeratzeko modua aldatu egin da, eta Iruñeko herritarrek aukeratzen dute txupinazoa nork jaurtiko duen, hiriko elkarteek proposatutako hautagai-zerrendetatik hautatuta prozesu parte-hartzaile baten eta herri-bozketaren bidez.