Efemeridea • 2020ko maiatzaren 6a
Xabier Landaburu Fernandez de Betoñoren heriotzaren 57. urteurrena
EAJk, batez ere, Bigarren Mundu Gerratik aurrera garatu zuen politika Europazalearen bultzatzaile nagusietako bat izan zen.
Gaitasun, gizarte-prestakuntza eta ikasketa paregabeak izanagatik ere, herri eta ideia batzuekiko maitasunagatik ongizatezko etorkizuna sakrifikatu zuten euskaldunen belaunaldi horretako beste adibide bat dugu Xabier Landaburu.
Xabier Landaburu Fernandez de Betoño Gasteizen jaio zen, 1907ko irailaren 5ean. Gazte-gaztetatik erakutsi zuen gaitasun aparta zuela eta, jaioterriko Santa Maria ikastetxean Batxilergoa amaitu ondoren, Zuzenbide ikasketak egin zituen Valladolideko Unibertsitatean eta adin-nagusitasunera iritsi aurretik amaitu zituen; hori dela eta, denbora laburrez, ezin izan zuen abokatutzan jardun. Aldi horretan, prentsan kolaboratzen hasi zen, El Heraldo Alavés egunkarian eta, bereziki, El Día egunkarian.
Adin-nagusitasunera heldu bezain laster, bere bulegoa ireki zuen. Hala ere, frankisten matxinadaren eraginez, erbesteratu behar izan zen abokatu arabar gaztea. Hasiera batean, etxean jarraitu zuen, baina, azkenean, Frantziara ihes egin behar izan zuen, muga Elizondotik igarota, auto baten maletategian ezkutatuta. Parisen finkatu zen, euskal ordezkaritzan lan egin zuen eta bertan jarraitu zuen, nazien okupazioak iraun artean ere bai. Eskasiaz eta zalantzaz beteriko urte haiek Konstantine Illarramendi emaztearekin batera eman zituen. Angelun (Lapurdi) ezkondu ziren, eta aldi horretako poz bakarra senar-emazteen zazpi seme-alaben jaiotza izan zen. Paris askatu ondoren, Landaburuk etenik gabe lan egin zuen euskaldunen defentsan.
Xabier Landaburuk lotura handia izan zuen jaioterriarekin, eta Gasteizen sustatutako era guztietako gizarte-ekimenetan parte hartu zuen. Ekimen horien izena eta ospea bereziki zaintzen eta ezagutarazten saiatu zen, esaterako, Aita Vitoriaren izaera gasteiztarraren defentsan egindako ahaleginetan ikus daitekeen legez. Bitxia bada ere, Landaburu izan zen Deportivo Alaves taldearen ereserkiaren letraren egilea, eta Aranburu maisuak idatzi zuen musika. Eusko Ikaskuntzan zeukan parte-hartze garrantzitsuaren ildotik, bere lurrarekiko konpromisoari helduta, Arabako lurraldean euskara garatzea helburu zuen Baraibar taldea sortu zuen.
Gazte-gaztetik, Landaburu Arabako abertzaletasun politikoaren buruzagi behinenetakoa izan zen, EAJko zuzendaritzako kide zela. Ildo horretan, 26 urte besterik ez zituela, 1933an, lurralde horrek aukeratutako lehen diputatu abertzalea izan zen, eta euskal lurraldeentzako estatutuaren aldarrikapena izan zen haren xede nagusia.
Gerra Zibila hasi zenean, erbestera joan zen eta, Parisko euskal ordezkaritzan zegoela, Jose Antonio Agirre lehendakariaren kolaboratzaile garrantzitsuenetako bat izan zen. Landabururen zereginak, bereziki, iheslariei laguntzea izan zen, Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Ligaren bidez, bai eta asmo europazalea bultzatzea ere, Nazioarteko Talde Berrien kide sortzaile gisa. Talde horrek Europako Demokrazia Kristaua sustatu zuen, eta hari eskaini zizkion bere ahaleginen eta ilusioen zatirik handiena. Landaburu izan zen EAJk, batez ere, Bigarren Mundu Gerratik aurrera garatu zuen politika europazalearen bultzatzaile nagusietako bat. Europa batu eta indartsu baten defentsa, Euskadik beste nazio batek bezala parte hartu ahal izango zukeen Europa federal baten defentsa, bat dator “Agirre doktrina” izeneko ildoarekin.
Agirre lehendakaria 1960an hil ostean, Xabier Landaburuk Eusko Jaurlaritzako lehendakariordearen kargua hartu zuen, euskal gobernuak Jesus Maria Leizaola buru zuela, hil zen arte, 1963an, gaurkoa lako egun batean.
Informazio gehiago hemen:
- Leyre Arrietaren artikulua, DEIAn 2013/05/04