Hedabideentzako deialdia 2025ko otsailaren 26a

Jose Antonio Ardanza Lehendakariaren kargu-hartzearen 40. urteurrena. Esperientzia partekatuak

Ardanza Lehendakariaren kabineteetako sailburu eta hurreko laguntzaileek eta lehendakarigai izendatu zuen EAJ-PNV alderdiaren orduko Euzkadi Buru Batzarreko kide batzuek pertsonaz eta gaur egun ezagutzen dugun Euskadi eraikitzen izan zuen berebiziko ekarpenaz jardungo dute.

Jose Antonio Ardanza Lehendakariaren kargu-hartzearen 40. urteurrena Jose Antonio Ardanza Lehendakariaren kargu-hartzearen 40. urteurrena
  • 2025ko otsailaren 26a, asteazkena
  • 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Joan den urtarrilaren 24an, 40 urte bete ziren Jose Antonio Ardanza Garro Lehendakariaren karguaz lehen aldiz jabetu zenetik. Hamalau urte eman zituen Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan. Urte horietan, Ardanza Lehendakaria gogotik ahalegindu zen onena ematen eta Euskadirentzat etorkizun itxaropentsua lantzen.

Urteurren hori dela eta, Sabino Arana Fundazioak topaldia antolatu du otsailaren 26an, 19:00etatik aurrera. Bertan, Jose Antonio Ardanza EAJ-PNV alderdiaren izeneko lehendakarigai izendatu zuten Euzkadi Buru Batzarreko kide batzuek eta Ardanzaren bai eta kabineteetako kide izan ziren sailburu eta hurreko laguntzaileetako batzuek ere parte hartuko dute.

Jon Azua, Mari Karmen Garmendia eta Juan Ramon Guevara sailburu ohiek, Josu Ortuondo EBBko orduko diruzainak, Pilar García de Salazar Lehendakariaren idazkari pertsonalak eta Jon Goikolea kazetariak (moderatzaile jardungo du) Ardanzaren agintaldietako balantze politiko, ekonomiko, sozial eta kultural emankorra aztertuko dute.

Ia 14 urtez Euskadiko erakunde nagusiaren, Eusko Jaurlaritzaren, buru izan ondoren, Jose Antonio Ardanza Lehendakariak agur esan zion Ajuria Eneari bere borondatez. Hamalau urte horietan, legegintzaldiko lehen akordioa sinatu zen Euskadiko Alderdi Sozialistarekin (PSE), eta Ajuria Eneko Mahaia abiarazi zuen Euskadiko Bakegintza eta Normalizaziorako Hitzarmena sinatu zen. Urte horietako jarduntzaren eraginez, euskal ekonomiak gorakada nabarmena izan zuen eta Euskadiko indarkeria politikoa deslegitimatu zen; «Ardanza Plana» deituriko proposamenak nabarmen lagundu zuen zeregin horietan.

Elorriotar honen ibilbide politikoa (1941-2024) EAJ-PNV alderdiari lotu zitzaion hasiera-hasieratik. 1961ean, EGI gazte erakundean sartu zen, eta Euzko Alderdi Jeltzalearen jarduera normalizatu ondoren, hau da, klandestinitatea atzean utzi eta gero, eraz alderdikidetu zen.

1979ko lehen udal hauteskunde demokratikoetan, Arrasateko alkate hautatu zuten EAJ alderdia ordezkatuz, 1983ko martxora arte. Urte horretako apirilean, EAJren hautagaitzaren buru zela, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan atera zen irabazle, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu zuten. Lurralde historiko horretako foru aldundiaren buru izan zen 1985eko urtarrilera arte, orduan izendatu baitzuen Eusko Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakari. Geroago, hiru aldiz hautatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko agintari politiko goren, 1986ko azaroko, 1990eko urriko eta 1994ko urriko hauteskundeen ondoren.

Ardanzak kanpo-politika emankorra garatu zuen. Lehendakariaren karguan, hainbat misio ofizial egin zituen, politikoak eta ekonomikoak: Estatu Batuak (1988 eta 1994), Argentina (1988 eta 1992), Uruguai (1988), Mexiko (1992 eta 1997), Txile (1992), Portugal (1992), Suitza (1992), Frantzia (1994), Kolonbia eta Venezuela (1995), Indonesia eta Hego Korea (1996) eta Kuba (1997). Horietan guztietan, esandako estatuetako arduradun politiko eta ekonomikoekin bildu zen eta presidenteek nahiz lehen ministroek egin zioten harrera.

Jose Antonio Ardanzak nazioarteko bi kondekorazio jaso zituen: lehena, Bernardo O’Higgings Gurutzea, Txileko Gobernuak 1992ko maiatzean emandakoa; eta bigarrena, Francisco Mirandaren Ordena, Venezuelako Gobernuak ezarritakoa 1996ko azaroan Lehendakariak herrialde honetara egin zuen bidaian.

Sabino Arana Saria ere jaso zuen 1998na. Azkenik, 2012an, «Gernikako Arbola» izeneko gurutzea eman zioten.