Hedabideentzako deialdia • 2024ko martxoaren 5a
“Añoveros auziaren” 50. urteurrena
Anabella Barrosok, Bizkaiko Elizaren Historia Artxiboaren zuzendariak, Eliza katolikoaren eta erregimen frankistaren arteko krisirik larriena eragin zuen gertakari historiko horren nondik norakoak gogoraraziko dizkigu datorren asteartean, martxoak 5 dituela, SAFen, 19:00etatik aurrera.
- 2024ko martxoaren 5a, asteartea
- 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Duela berrogeita hamar urte, Bizkaiko Eliza, Añoveros monsinorea buru zela, eta Francoren erregimena bata bestearen kontra aritu ziren «euskal auzia» zelakoa jorratu zuen homilia bategatik; gotzaina erbesteratua izateko zorian egon zen; gobernua, berriz, eskumikatua izan beharrik.
On Antonio Añoveros, 1909an Iruñean jaioa, Bilboko elizbarrutiko buru izan zan 1972 eta 1978 urteen artean. Bizkaiko elizbarrutiko buru bi urte zeramatzala, Eliza katolikoaren eta Francoren erregimenaren arteko krisirik larriena eragin zuen, orduko gobernua Espainiako Estatutik kanporatzen saiatu zelarik. Horren arrazoia ondokoa izan zen: «Kristautasuna, herriak salbatzeko mezua» izeneko homilia, 1974ko otsailaren 24an Bizkaiko parrokietan irakurri zena eta, besteak beste, honako hau zioena: «Euskal Herriak, Espainiako Estatuaren gainerako herriek bezala, berezko nortasunari heltzeko eskubidea du, bere ondare espirituala landuz eta garatuz, inguruko herriekiko truke osasuntsua izateari kalterik egin gabe, Euskal Herriaren askatasun bidezkoa aitortzen duen erakunde soziopolitiko baten barruan... Estatuak pertsonen eta herrien zerbitzuko egon behar du, eta benetan errespetatu behar du gizarte- eta kultura-aniztasuna... ».
Antonio Añoveros monsinorea 1987ko urriaren 24an hil zen.
Datorren asteartean, martxoak 5 dituela, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, SAFen, Bizkaiko Elizaren Artxibo Historikoaren zuzendariak, Anabella Barrosok, diktaduran gertatutako Euskadiren historiari buruzko gertakari hori gogoratuko du, ondoko hitzaldia eskainita: «Añoveros auzia, homilia bat baino gehiago».
Anabella Barroso
Historia Garaikideko doktorea da (Deustuko Unibertsitatea, 1993) eta Filosofia eta Letretako lizentziaduna, Historia Sailean (Deustuko Unibertsitatea, 1988). 1997. urtetik, Bizkaiko Elizaren Artxibo Historikoaren (AHEB-BEHA) eta Artxiboen Elizbarrutiko Zerbitzuaren zuzendaria da.
Era berean, irakasle laguntzailea da Begoñako Andra Mari Irakasle Eskolan eta Bilboko elizbarrutiko historiari buruzko hainbat prestakuntza-programatan. 1989az geroztik, hainbat biltzar, mahai-inguru eta artxiboei eta dokumentu-kudeaketari buruzko ikastarotan parte hartu du, komunikazioak aurkeztu ditu eta hitzaldiak eman.
Azkenik, hainbat argitaletxe eta aldizkaritan argitaratutako Bilboko elizbarrutiaren historiari lotutako artikuluak idatzi ditu, «Sacerdotes bajo la atenta mirada del régimen franquista» (Bilbo, 1995) liburuaren egilea da eta «¿Qué pasó con el Seminario de Derio? De manicomio a Arteaga Centrum, historia de un edificio» (Derio, 2004) liburuaren egileetako bat dugu.