Hedabideentzako deialdia • 2022ko ekainaren 13a
Adingabeen aurkako sexu-abusuak hezkuntza ez-formalaren esparruan: kirola eta aisialdia
Sabino Arana Fundazioak hainbat mintegi eta mahai-inguru antolatu ditu adingabeei egindako sexu-abusuen inguruan eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko. Lehenengo jardunaldia datorren astelehenean, ekainak 13 dituela, izango da, 9:15etatik aurrera, Fundazioaren egoitzan.
- 2022ko ekainaren 13a, astelehena
- 09:15h -(e)tik 14:00h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
EAJ-PNV alderdiaren ekimenez, Sabino Arana Fundazioa, umeen eta nerabeen aurkako sexu-indarkeriari buruzko mintegi, mahai-inguru eta hitzaldien zikloa antolatzen ari da, euskal agenda politikoan leku esanguratsua daukan eta eduki behar duen gaia baita. Oso garrantzitsutzat jotzen dugu gai larri horri heltzea eta begiak zabal-zabalik edukitzea, luzaroan gertaera ikusezina izan baita. Horretarako, adituak izango ditugu gidari, eta ahalik eta iritzi gehien entzuten saiatuko gara.
Bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen defentsan oinarritutako gizartea eraikitzeak eta babesteak badakar, ezinbestean, indarkeria-mota guztiei aurre egitea. Horixek direlako gure gizarteko pertsona ahul eta kalteberenen aurka egiten diren indarkerien oinarri ideologiko, kultural eta sinbolikoak. Eta ume zein nerabeen kontrako sexu-abusuak indarkeria horien adierazpideak dira.
Ziklo horretako lehenengo jardunaldian, ekainaren 13an, astelehenarekin, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, adingabeek hezkuntza ez-formalaren esparruan (kirol-arloan eta aisialdian) pairatzen dituzten sexu-abusuei buruz eztabaidatu eta hausnartuko dugu.
Horretarako, ondokoen hitzaldiak entzungo ditugu: Eukene Arana, haur eta nerabeen aurkako indarkerien prebentzioan eta babesean aditua, ZAIN aholkularitza-enpresan: “Neska-mutilak eta nerabeak babestea kirol-arloan: gainditu gabeko erronka bat”; Iñaki Alonso, Athletic Cluben haurren babesaren arduraduna (Aterpe programa): “Haurren babesa kirol-arloan: guztion erronka”; eta Irune Muguruza, Eusko Jaurlaritzako familien eta haurren zuzendaria: “Neska-mutilen eta nerabeen aurkako sexu-izaerako indarkeria Euskadin”.
Geroago, “Protokoloa eta jardunbide egokiak” izenburuaren ildoan, mahai-ingurua izango da eta honako aditu hauek parte hartuko dute: Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; Carlos Sergio Atxotegi, Bizkaiko Foru Aldundiko kirol aholkularia; Jonathan Mujika, Derioko Udaleko Kultura teknikaria; Naia Fernandez, Lointek Gernikako Komunikazio eta Marketin zuzendaria; Jose Angel Romo, Bosko Taldea Federazioaren idazkaria; eta Izaskun Gutierrez, Gaztetxo Eskolako ordezkaria.
Nerea Melgosa, EAJ-PNV alderdiaren EBBko Gizarte Politiken arduraduna, jardunaldiaren koordinatzailea da.