Hedabideentzako deialdia • 2024ko apirilaren 25a
1974ko Aberri Eguna: Leizaolak Gernikara isilpean egin zuen bisita
Leizaola lehendakariak 1974ko apirilean Gernikara egindako bisita klandestinoaren antolaketari buruzko solasaldia (50. urteurrena).
Parte-hartzaileak: Javier Chalbaud, Pedro de la Sota eta Fede Bergaretxe; moderatzailea: Koldo San Sebastian. Datorren apirilaren 25ean, ostegunarekin, 19:00etatik aurrera.
1974ko apirilaren 14an, gertaera berezia jazo zen: erbesteko Eusko Jaurlaritzako Lehendakari Jesus Maria Leizaolak bisita klandestinoa edo isilpekoa egin zuen Gernikan, Euskal Herriari eta, oro har, iritzi publikoari, EAJ-PNV alderdiaren eta erbesteko euskal erakundeen ekintza-gaitasuna erakusteko ahaleginetan.
Aberri Eguna ospatu zen egun hartan, eta erbestera joan zenetik ia lau hamarkadatara, Leizaola Lehendakaria, artean ia laurogei urte zituela, Gernikara itzuli zen, antzinako etsai zeukan Espainiako Poliziari iruzur eginda, eta gorazarre egin zion Gernikako Arbolari lehendakari legez. Espainiako diktadurari aurre egiteko ezohiko ekintza izan zen eta, atzerriko kazetariei esker, oihartzun nabaria izan zuen nazioartean.
Javier Chalbaud, Pedro de la Sota eta Fede Bergaretxe, asko ibilitako hiru militante abertzale, protesta-ekitaldi hartan parte hartutakoak eta frankismoaren aurkako erresistenteak, Fundazioaren egoitzan izango dira datorren apirilaren 25ean, ostegunarekin, 19:00etatik aurrera, Koldo San Sebastian kazetari eta historialariak moderatutako hitzaldi-solasaldian, 50. urteurrena bete duen gertakari ospetsu hura gogoratzeko.
Fede Bergaretxe Euskal Erresistentziaren barruko arduraduna zen, eta Lehendakaria Gernikara eta, geroago mugara, zehazki, Behobiara, eraman zuen autoa gidatu zuen. Pedro de la Sotak Gernikako Arbolari gorazarre egiteko eta Batzar-etxeko bisita betikotu zuen filma grabatu zuen. Eta Javier Chalbaudek argazkiak egin zituen.
Solasaldian, Euskadiko Filmategiak jatorrizkoa gordeta daukan grabazio haren irudiak proiektatuko dira.