Hedabideentzako deialdia • 2022ko maiatzaren 7a
EAB-Emakume Abertzale Batzaren mendeurrena
- Larunbatean, maiatzak 7, 11:30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian.
- Ekitaldia Sabino Arana Fundazioak sustatua eta antolatua da, eta bertan izango dira Mireia Zarate fundazioaren presidenta; EAJ-PNVren EBBren presidente Andoni Ortuzar eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, beste hainbat ordezkariekin batera.
- mendearen hasieran euskal emakumeen ahalduntzearen hasiera markatu zuten emakume historiko haietako batzuen senideek parte hartuko dute.
- 2022ko maiatzaren 7a, larunbata
- 11:30h -(e)tik 13:00h -(e)tara
- Euskalduna jauregia
Partaideak:
- Mireia Zarate, Sabino Arana Fundazioaren presidenta
- Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea
Maiatzaren 7an, larunbata, 100 urte beteko dira Emakume Abertzale Batza eratu zela, Estatuan sortu zen emakumeen lehen erakunde politiko abertzalea eta Euskadin inoiz izan den emakumeen erakunde eraginkor eta indartsuena. Sabino Arana Fundazioak ekitaldi bat antolatu du emakume horiek Euskadiren historian egindako lana eta egindako ekarpena gogorarazteko, ikusarazteko eta aldarrikatzeko.
Omenaldi hau datorren larunbatean egingo da, maiatzak 7, 11:30ean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidentea izango da buru, eta erakundeetako eta politikako kargudunen ordezkaritza ere izango da bertan. Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidentea; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, eta Eusko Jaurlaritzako Arantxa Tapia, Gotzone Sagardui, Olatz Garamendi eta Bingen Zupiria sailburuak, besteak beste.
Baina, zalantzarik gabe, protagonista nagusienak izango dira Emakume Abertzale Batzako kide izan zirenen ondorengoak. Horiek dira Nagore Garamendi (Alicia Aretxabaletaren biloba), Begoña Agirreoar (María Oarren alaba) eta Tegi Urzelai (Julene Urzelairen iloba), eta oroimen eta bizipenez betetako solasaldia izango dute taula gainean.
Ekitaldian zehar proiektatuko dira EAB osatzen zutenen bizipenak eta testigantzak jasotzen dituzten bideo bi, eta antzezpen laburra eskainiko dute Gema Martínez, Loli Astoreka eta Lorea Intxausti aktoreek. Antzezpenaren ondoren, amaiera diskurtsoak emango dira, bata Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak emango du eta bestea Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak.
Emakume Abertzale Batzaren historia
1922ko apirilean, Ambrose O 'Daily politikari irlandarrak Bilbon eman zuen hitzaldi baten ondorioz, euskal emakume abertzaleen elkarte bat sortzeko lehen urratsak eman ziren. Hitzaldi hura amaitzean, 50 emakumek Emakume Abertzale Batzaren oinarriak finkatu zituzten. Batzar Eratzailea maiatzaren 7an egin zen, Cumann na mBan emakumeen erakunde nazionalistaren eredu irlandarraren ereduari jarraiki.
Erakunde berriaren helburuak argiak ziren: ideia abertzaleak zabaltzen laguntzea, eta euskararen eta euskal kulturaren erabilera eta ezagutza zabaltzea. Primo de Riveraren diktadura iristearekin batera, 1923ko irailean, talde honen jarduera publikoa geldiarazita geratu zen eta, desagertzeraino iritsi gabe, bere lana modu diskretuago baina eraginkorrago batean egin behar izan zuen. Elkarteak bere eragin eta autoafirmazio sarea zabaldu zuen emakume abertzaleen artean, eta bere erakundea are sendoago bihurtu zen. Lan isil horri esker, II. Errepublika ezarri zenean, elkartea indartsu berpiztu zen, eta, aldi horren amaieran, 28.000 emakume baino gehiago kidetu ziren.
Urteak joan urteak etorri, elkartea bere jardun sozial eta politikoko esparruak zabaltzen joan zen. Azpimarratzekoa da beraiek antolatu zutela Euzko Ikastola Batza, bere hezkuntza-proiektu propioa eta alternatiboa abian jarri zuena, erabat berritzailea pedagogiaren ikuspegitik zein hizkuntzalaritzari dagokionez. EABk garrantzi handikotzat jo zuen emakumearen prestakuntza eta hainbat ikastaro, hitzaldi eta kongresu antolatu zituen, ‘Gexozaiñ’ izenekoen prestakuntza sustatu zuen eta gizarte-laguntzaren arloko lanbide-heziketa aldarrikatu zuen.
Emakume Abertzale Batza eratu zen EAJ-PNVko gizonezkoek egiten zuten lan politiko abertzalea osatzeko, eta penintsulan, emakumeen lehen erakunde politiko abertzalea izan zen. EAB Euskadiko mugimendu dinamiko eta sozialenetako bat izan da, eta euskal emakume abertzaleak ahalduntzeko ere balio izan zuen. Haren eragina eta indarraldia ondorengo belaunaldietako emakumeenganaino iritsi da.