Hedabideentzako deialdia • 2022ko abenduaren 15a
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta hainbat adituk Euskararen Legea indarrean egon deneko 40 urteko aldian ondutakoak aztertuko dituzte
Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako jardunaldi hori abenduaren 15ean egingo da, ostegunarekin, goizeko 9etatik aurrera, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan
Izena emateko epea: 2022ko abenduaren 13ra arte
944 056 450 idazkaritza@sabinoarana.eu
- 2022ko abenduaren 15a, osteguna
- 09:00h -(e)tik 13:00h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Juanjo Álvarez, Elixabete Piñol, Gotzon Lobera, Eba Gaminde, Unai Hualde, Eneritz Zabaleta hizlariekin.
EUSKARAREN LEGEAK 40 URTE izenburuaren ildoan, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatu dute euskal kulturgintzako, erakunde publikoetako eta unibertsitate-arloko ordezkarien eskutik, besteak beste, Euskararen Legeak ekarri duena, erdietsitako aurrerapenak eta etorkizuneko erronkak aztertzeko helburuz.
Jardunaldia abenduaren 15ean egingo da, ostegunarekin, 9:00etatik 13:00etara, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak hartuko du parte bertan.
2022ko azaroaren 24an, 40 urte bete ziren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu zenetik. Lege hori funtsezkoa izan da euskal hizkuntzari bidea irekitzeko eta aukera berriak eskaintzeko, bai eremu publikoan, bai pribatuan.
Jardunaldi horren helburua legearen ekarpenei eta zabaldutako bideei buruzko hausnarketa egitea da, bai eta euskarak euskal lurraldeetan egun daukan egoerari heltzea ere, lurralde horietan euskara ofiziala, erdiofiziala edo ofizialtasunik gabekoa delarik.
Horretarako, Zupiria sailburuaz gain, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak parte hartuko dute jardunaldiaren hasiera-ekitaldian.
Ondoren, Juanjo Álvarez UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak Euskararen Legea azalduko du Europaren ikuspuntua jorratuta.
Elixabete Piñol abokatu eta euskaltzain urgazleak «Euskararen Legea eta erabilera juridikorako guneak irekitzea» gaiari buruz hitz egingo du.
Gotzon Lobera zinpeko itzultzaile eta euskaltzain urgazleak euskararen corpusean izandako aurrerakuntzez jardungo du.
Bestalde, Eba Gaminde Zuzenbideko doktorea, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta euskaltzain urgazlea, kontsumitzaile euskaldunen egungo egoerari buruz arituko da.
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak Euskararen Legea eta Nafarroako egungo egoera aztertuko ditu. Azkenik, Eneritz Zabaleta Zuzenbideko doktore eta Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko (UPPA) irakasleak Ipar Euskal Herriari buruzko egoeraz hitz egingo digu.
Sagrario Alemanek, Sustapen Batzordeko buru eta euskaltzain osoak, eta Mireia Zaratek emango diote amaiera ekitaldiari eta jardunaldian ateratako ondorioetako batzuk laburbilduko dituzte.