Hedabideentzako deialdia 2024ko irailaren 12a

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak zerbitzu osoa bermatzen die Bizkaiko biztanleen % 96ri

Pedro Mª Barreiro Ur Partzuergoaren zuzendari kudeatzaileak hitzaldia emango du irailaren 12an, ostegunarekin, Sabino Arana Fundazioan, 19:00etatik aurrera. Hitzaldi horretan, azken hamarkadetan udalerriak eta eskualdeak partzuergoan apurka-apurka nola sartu diren eta partzuergoak zer zerbitzu eskaintzen dizkien aletuko du.

 

Hitzaldia: \ Hitzaldia: "Partzuergoan udalerriak eta eskualdeak pixkanaka sartzea: Bilbao Handitik Busturialdera", Pedro Mª Barreiroren eskutik.
  • 2024ko irailaren 12a, osteguna
  • 19:00h -(e)tik 20:30h -(e)tara
  • Sabino Arana Fundazioa

Historikoki baliabide propioz hornitzen ziren hainbat udalerri Bilbao Bizkaia Ur Partzuergora batu dira ezari-ezarian eta, gaur egun, Bizkaiko 97 udalerrik osatzen dute erakundea.

1967ko martxoaren 17an, Bizkaiko hemeretzi udalerrik eta gaur egun desagertuta dagoen Bilbo Handiko Administrazio Korporazioak lehen mailako sareko ur-hornidurako eta saneamenduko zerbitzuak instalatzeko eta kudeatzeko partzuergoa eratu zuten. Egun horretan, erakunde sortu berriaren estatutuak onartu ziren eta estatutu horietan jaso zen erakundearen araubide organikoa, funtzionala eta finantzarioa.

Handik hona, aldaketa esanguratsuak izan dituzte estatutuek, dela onartu diren lege-arau berrietara egokitu direlako, dela erakundeari kide gehiago batu zaizkiolako eta gero eta zerbitzu gehiago eman direlako, hala nola ur-hornidurako tokiko sareen kudeaketa.

Geografiaren ikuspegitik, hainbat eskualde sartu dira apurka-apurka ur-erakundearen sarean: Uribe Kosta, Arratia, Durangaldea, Enkarterri, Lea-Artibai eta Busturialdea. Gaur egun, 97 udalerrik osatzen dute partzuergoa, eta milioi bat biztanle baino gehiago bizi dira haietan; hau da, Bizkaiko biztanleriaren % 95,46 eta Euskadikoaren % 50. Partzuergoaren eraginpeko lurralde-eremuan, Bizkaiko Lurralde Historikoko hiri- eta industria-kontzentrazio handienak daude.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Sabino Arana Fundazioak partzuergoaren sorrera eta uraren kudeaketan zer-nolako eginkizunak dituen ezagutzera emateko antolatu duten hitzaldi-zikloaren barruan, datorren ostegunean, hilak 12 dituela, BBUPen zuzendari kudeatzaile Pedro Mª Barreirok hitzaldia emango du izenburu honen ildoan: «Gero eta udalerri eta eskualde gehiago partzuer: Bilbo Handitik Busturialdera».

Pedro Mª Barreiro industria-ingeniaria da. Zuzendaritzako kide izan da automobilgintzako enpresetan, baina sektore publikoan izan du garapen profesionalik oparoena. Lehenengoz, Bilboko Udaleko zinegotzi izan zen eta arlo teknikoetako gobernu-erantzukizuna izan zuen; geroago, ia 20 urtetik hona, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren zuzendari kudeatzaile dihardu. Urte hauetako guztietako lanari gagozkiola, batik bat, partzuergoari atxikitako udalerrietako hornidura ziurtatzen eta saneamendua kudeatzen arduratu da, jasangarritasuna, berrikuntza eta eraginkortasuna ardatz dituen gero eta maila bikainagoari helduta.