Hedabideentzako deialdia • 2023ko ekainaren 14a
Salvador Arriola Barrenetxea eusko-mexikarrak Euskal Herriak «atzoko eta gaurko munduari» egindako ekarriaren «26 gertakari eztabaidaezin» jasotzen dituen liburua aurkeztuko du
- «Entre robles y ahuehuetes. Legados de Euskal Herria» (Haritz eta ahuehueteen artean. Euskal Herriko legatua) deritzon liburuan, Miamin eta Latinoamerikan arrakasta izan zuen aitaren (markinar pilotaria) irakaspenak eta euskaldunek historian eta mundu osoan izan duten hedapen garrantzitsuari buruzko ikerlana jasota daude.
- Ekainaren 14an, 19:00etan, Sabino Arana Fundazioan.
- 2023ko ekainaren 14a, asteazkena
- 19:00h -(e)tik 21:00h -(e)tara
- Sabino Arana Fundazioa
Mexiko Hirian jaio eta Mexikoko administrazioaren diplomazialari eta goi-mailako kargudun izandako Salvador Arriola Barrenetxea ekonomialariak, euskaldunen ondorengoak, «Entre robles y ahuehuetes. Legados de Euskal Herria» liburua aurkeztuko du datorren asteazkenean, ekainak 14, Sabino Arana Fundazioan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
«Konkistaz eta inperioaren eraketaz denaz bezainbatean, Espainiaren izena garbitzeari buruzko liburuak ugaritzen ari diren honetan, honako lan honek Euskal Herrian jaiotakoek eta euren ondorengoek gauzatutakoak eta egindako ekarria ezagutarazi eta balioan jarri nahi ditu, bai eta amerikar herrien burujabetasuna lortzen nabarmen lagundu zutenak ere», dio Arriolak liburuaren hitzaurrean.
«Entre robles y ahuehuetes. Legados de Euskal Herria» liburuak ez du Euskal Herriaren historia kontatzen; euskaldunek Euskaditik kanpo –batik bat, Ameriketan− egindako ekarriari eta euskaldunen oroitzapenari buruzko ikuspegia eta kontakizuna da.
Liburu honetan, Salvador Arriolak aitarengandik jasotako ‘irakaspenen’ berri eman nahi digu eta gurasoaren mezuari eutsi nahi dio: «Euskal Herriak atzoko eta gaurko munduari egindako ekarriaren garrantzia». Arriolaren aita, Salvador Arriola Idarraga markinarra, 30 urtez jardun zuen pilotan, gehien-gehienetan, jaialdietako partida estelarrak jokatzen.
Horretarako, Salvador Arriola Barrenetxeak 26 gertakari «esanguratsu eta eztabaidaezin» hautatu ditu, bost gai nagusitan antolatuta: itsasoa; kokalekuak eta migrazioa; erlijioa eta herri indigenen defentsa; hezkuntza; eta independentzia, XV. mendearen amaieratik XIX. mendearen erdira arteko aldian.
Salvador Arriola Basterretxearen biografia
Mexiko Hirian jaio zen, 1948ko urrian
Ekonomiako lizentzia eskuratu zuen Mexikoko Institutu Teknologiko Autonomoan (1967-1971). Geroago, alderdi askotako merkataritza-negoziazioetan espezializatu zen.
Mexikoko enbaxadore aritu da Guatemalan, Uruguain eta Brasilen eta hainbat kargu garrantzitsu bete ditu Mexikoko administrazio publikoan, Ogasunarekin lotuta. Enbaxadore izateaz gain, Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiaren Iberoamerikako Lankidetzako idazkaria izan zen, bai eta Latinoamerikako Sistema Ekonomikoaren idazkaria ere. Mexikoko administrazio publikoan, goi-mailako karguak izan zituen Industria eta Merkataritza idazkaritzan eta Ogasun idazkaritzan. Era berean, nabarmentzekoa da NBEren mendeko CEPAL organoan parte hartu zuela.