Hedabideentzako deialdia • 2020ko uztailaren 15a
"Etorkizuneko euskal gizartea: euskara erabiltzeko eremu berriak": Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren mintegia euskararen erronkez
Euskaltzainek, soziolinguistek, unibertsitateko irakasleek eta euskal kulturaren munduko ordezkariek parte hartuko dute jardunaldian.
HEDABIDEENTZAKO JARDUNALDI IREKIA
Eguna: 2020ko uztailaren 21a, asteartea.
Ordua: 9:15-13:45.
Lekua: Sabino Arana Fundazioa.
Irekiera-saioa: Andres Urrutia, euskaltzainburua.
Mireia Zarate, Sabino Arana Fundazioaren presidentea.
Hizlariak: Iñaki Iurrebaso, UPV/EHUko irakaslea.
Gorka Espiau, Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendaria.
Ibon Zugasti, Prospektikerreko zuzendaria.
Xabier Barandiaran, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko estrategia arduraduna.
Arantza del Pozo, Vicomtech Ahots eta Hizkuntza Teknologien Saileko zuzendaria.
Andoni Eizagirre, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea.
Ion Muñoa, Deustuko Unibertsitateko Komunikazio graduko irakaslea.
Moderatzaileak: Jon Aizpurua, euskaltzain urgazlea, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea.
Ainhoa Arregi, euskaltzain urgazlea, UZEIren Lexikografia saileko teknikaria.
Belen Uranga, Soziolinguistika Klusterreko teknikaria.
Erramun Osa, Euskaltzaindiko idazkariordea, jardunaldiaren koordinatzailea.
Iñaki Martinez de Luna, euskaltzain urgazlea, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea.
Sagrario Aleman, euskaltzain osoa, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua.
Euskara biziberritzeko bideak gizartearen hainbat esparrutan aurrera egiten jarraitzen duen arren, oraindik ere erronka handiak eta askotarikoak darabiltzagu etorkizunera begira.
Horren ildotik, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak mintegi bat antolatu dute etorkizuneko euskal gizartea zer-nolakoa izan daitekeen eta hizkuntzen arteko bizikidetza (betiere, euskararen ikuspegitik) zelan bilaka daitekeen hausnartzeko helburuz. Mintegia uztailaren 21ean egingo da, Fundazioaren egoitzan.
Testuinguru horretan, hainbat ikuspegitatik jorratuta, etorkizuneko euskal gizartea zer-nolakoa izan daitekeen ezagutu nahi dugu eta geroaldiko euskal gizarte horretan gerta daitezkeen euskararen erabilera-eremu berriak identifikatu nahi ditugu, euskara biziberritzeko ahaleginetan kontuan har daitezen.
Horretarako, proposaturiko gaian adituak diren hainbat hizlarik parte hartuko dute jardunaldian: euskaltzainak, soziolinguistak, unibertsitateko irakasleak, euskal kulturaren munduko ordezkariak eta abar.
Osasun-agintariek edukierari, higieneari eta gizarte-distantziari buruz ezarritako jarraibideak betetzeko xedez, JARDUNALDIRA ETORTZEKOA BAZARA, baieztatu uztailaren 20a, astelehena, baino lehen, arren. Aitor Bikandi. T. 656.78.97.18