Hedabideentzako deialdia • 2017ko urtarrilaren 13a
“Euskadi, Estatutuaren aurreko gerra. Pedro Basaldua” liburuaren aurkezpena
Josu Erkoreka eta Iñaki Anasagastiren eskutik. Urtarrilaren 19an, ostegunarekin, 19:30ean. Sabino Arana Fundazioan.
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko bozeramaileak, Josu Erkorekak, eta Iñaki Anasagasti senatari ohiak “Euskadi, Estatutuaren aurreko gerra. Pedro Basaldua” izeneko liburuaren aurkezpena egingo dute urtarrilaren 19an, ostegunarekin, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan.
Pedro Basaldua (Barakaldo, 1906-Buenos Aires, 1985) abertzaleak, idazleak eta Eusko Jaurlaritzaren Argentinako ordezkariak idatzitako lan horrek bertatik bertara bizi izandako sasoi jakingarri horretan bizi izandakoak jasotzen ditu. Aipatutako aldia 1936ko uztailaren 7tik Jose Antonio Agirre lehendakaria, Gernikan, Eusko Jaurlaritzaren burutzaz jabetu zen unera artekoa da. Inolako zalantza barik, sasoi erabakigarria izan zen Euskadiko historia garaikidean, eta horretan gertaturikoek berebiziko garrantzia izan zuten eta hein handi batean baldintzatu zuten Euskal Herriaren geroko bilakaera eta euskal herritar askoren zoria.
Euskal abertzaletasunarekiko konpromisoa oinarri harturik, altxamendu militarraren aurka jo eta gobernuaren esparruan gogoz aritu zen gizonaren kontakizuna dugu liburuaren edukia. Hasteko eta bat, EAJk iradokitako José Echevarría Novoa Bizkaiko gobernadore zibilaren idazkaria izan zen, eta geroago, Eusko Jaurlaritza eratu ondoren, Agirre lehendakariaren laguntzailea eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan zen Argentinan.
Pedro Basalduaren zeregin askoren artean, azpimarratu behar dugu Jagi-Jagi egunkariko idazlari edo erredaktorea izan zela, eta berak idatzitako artikulu batengatik, Larrinagako kartzelan sartu zuten hedabide horretako lehen erredaktorea izan zen. Euzkadi egunkariko Kontseilu Politikoko kidea ere izan zen; Gudari aldizkariko zuzendaria izan zen, Esteban Urkiaga “Lauaxeta” atxilotu ondoren; Eusko Langileen Alkartasunako kide eta hedatzailea izan zen; AVASCeko (Agrupación Vasca de Acción Social Cristiana) irakaslea izan zen; Euskal Ikaskuntzen Institutuko bazkide sortzailea izan zen eta Eusko Deya egunkariko zuzendaria izan zen 1951n. Era berean, urte askotan, Argentinako Idazleen Elkarteko kidea izan zen.